Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiak-BAD

Euskadiko sei konpainiaren azken lanak programatuko dira igandera arte Bilbon

 Javier Liñera eta Ékoma Teatro, Igor & Moreno, Ziomara Hormaetxe, Benetan Be, Eguzki Zubia-La Dinamika eta Zirkozaurre izango dira

09.02.2020 | 19:39
Euskadiko sei konpainiaren azken lanak programatuko dira igandera arte Bilbon.

 Javier Liñera eta Ékoma Teatro, Igor & Moreno, Ziomara Hormaetxe, Benetan Be, Eguzki Zubia-La Dinamika eta Zirkozaurre izango dira

BILBO. Gaur goizean, hainbat diziplina lantzen dituzten hiru konpainiak Bilbon egin den laneko gosari batean hartu dute parte, euren lana eta sorkuntza prozesua komunikabideekin konpartitzeko. Javier Liñera, Igor Urzelai eta Moreno Solinas, (Igor & Moreno) eta Zirkozaurreko Gorka Pereira egon dira, Alicia Otxandategi BADeko zuzendariak lagunduta.

Javier Liñera oso ezaguna da euskal eszenan, eta Ékoma Teatrorekin egin duen "Tendríamos que haber empezado de otra manera" azken lanarekin helduko da BADera. Komedia beltz horretan, bi gaixo koittaduk bakean bizitzeko trazatutako plana jarraitu beharko dute, baina ezer ez da pentsatu bezain erraza izango.

Ékoma Teatro, areto barruko zein kaleko lanak dituen ibilbide luzeko Vitoria ? Gasteizko konpainia da. Javier Liñerari dagokionez, sortzaile garaikidea da. "Barro Rojo" bere aurreko lanarekin hainbat jaialditan aritu eta egile hasi berriaren Max Sarietarako hautagai izan zen. Ikus-entzuleek gaur arratsaldean, 20:00etatik aurrera gozatu ahal izango dute "Tendríamos que haber empezado de otra manera" lanaz, Pabellón 6 aretoan.

Igor & Moreno edo Igor Urzelai eta Moreno Solinas, dantza garaikidean aritzen diren bi artista gazte dira, bat euskalduna eta bestea korsikarra. Egoitza Londresen dute, baina dantzak eramaten dituen lekuan bizi dira, euren lanak Europan, Estatu Batuetan, Txilen eta Txinan aurkeztuz. Duela hiru urte ere BADen egon ziren Igor & Morenok hainbat saritarako izendapena jaso dute, Total Theatre Award eta National Dance Awards sarietarako, besteak beste, eta euren lanak nazioarte mailan aurkezten jarraitzen dute.

Oraingo honetan "Andante", euren azken lana, Estatuan aurkeztuko dute lehen aldiz, bihar, 20:00etan, Campos Antzokian. "Andante", lasaitzeko, astiroago aritzeko, denboraren iragana eta gure arreta zelan doan hautemateko gonbidapena da. Elkarrekin igarotzen dugun unea da, batak besteari ezer esan behar barik. Dantzaren, soinuaren, argiaren eta lurrinen bitartez behe-lainoan zehar egingo dugun bidaia da.

BADeko 21. edizio honetako euskal proposamenen artean, sorkuntza eszenikoari laguntzeko BilbaoEszenako?Baliabide Eszenikoen Zentroko "Artistak Egoitzan" programan aukeratutako hiru proiekturen aurkezpena eta estreinaldia ere badaude.

Horietako bat Gorka Pereiraren (Zirkozaurre) "Tiempo" da. Dantzaren eta zirku garaikidearen bitartez ikus-entzuleak bidaian eramango ditu, denboraren pertzepzio desberdinak sortuz; penduluaren mugimendutik abiatuta teknologia berrietan oinarritzen da, patroi berriak ikertuz eta horiekin dantza eginez. Zirkozaurrek "Tiempo" lanaren aurre-estreinaldia egingo du asteazkenean, urriaren 23an, 20:00etan, Pabellón 6 aretoan.

Datorren igandean, urriaren 27an, amaituko den BADen programazioaren barruan, beste euskal ekoizpen lan batzuk ere jasotzen dira, Ziomara Hormaetxeren, Benetan Beren eta Eguzki Zubia-La Dinamikaren eskutik. Ordutegiei, prezioei, sarrerak eskuratzeko moduari buruzko informazioa eta jaialdiaren egitarau osoa www.badbilbao.eus webgunean dago.

noticias de deia