BILBO. Bilboko udaleko ordezkaritzak bere akordioen politika eta gertuko poliziaren eredua aurkeztu du Medellinen. Ordezkaritzak Bilboko Udaleko Lehenengo alkateordea eta Gobernantza eta Proiektu Estrategikoen zinegotzi Gotzone Sagardui izan du buru. Balantze positiboa dela esaten dute udaletxetik.

Foroaren lehenengo egunean, Gotzone Sagardui hizlari nagusia izan zen Konfiantza sozial eta instituzionala indartzen izeneko lehenengo saioan, Seulgo alkate Park Won-soonekin batera. Sagarduik Bilboko Udalean garatutako akordioen politika eta hirian ezarrita dagoen gertuko poliziaren eredua aurkeztuko zion nazioarteko komunitateari. Azken hori hiritarren parte-hartze zabalean oinarrituta dago, eta pertsonak politikaren erdigunean kokatzen ditu, auzoei nahiz hiriaren osotasunari dagokienez.

Medellingo egonaldiak balio izan du Kolonbiako hiriko alkate Federico Gutiérrezen eskutik indarkeriak eta narkotrafikoak gogorren kolpatu duen guneetariko batzuk ezagutzeko, Comuna 13 deritzona, esaterako, edo Comuna 10. Zonalde biak dira hiri-birsorkuntzaren adibide mugikortasunari, ingurumen-jasangarritasunari edo merkataritzaren sektoreari dagokienez. Bilboko ordezkaritzak hainbat bilera izan ditu hiri kolonbiarreko proiekturik garrantzitsuenetariko arduradunekin. Hiri hori Latinoamerikako Think Tank (ideien laborategi) garrantzitsuenetarikotzat jotzen da.

Ezinbesteko hitzordua

Gailur hau ezinbesteko hitzordu bilakatu da Bilboko Udalarentzat; izan ere, mundu osoko udal arduradunak bertaratzen dira, bai eta sektore pribatuko adituak ere, hiriko lidergo-praktikak partekatzeko asmoz. Hausnarketarako eta eztabaidarako espazio hori Singapurko Bizitzeko moduko Hirien Zentroak eta Hirigintza Birgaitzeko Agintaritzak antolatu du.

Bilbo izan zen Lee Kuan Yew World City Prize saria irabazi zuen lehen hiria. Horrenbestez, 2013an Alkateen Munduko Foroa hartu zuen, eta ekitaldia Singapur hiritik kanpo egiten zen lehenengo aldia izan zen. 2015ean New Yorken egin zen, eta 2017koa Suzhoun (Txina). Horiek, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren edizioetako sariak irabazi zituzten hiriak dira.