BILBO. Gaurtik uztailaren 12ra arte, Bilbo Alkateen Munduko Foroan parte hartzen ari da, Medellingo (Kolonbia) Hirien Munduko Goi-bileran. Bilboko Udaleko Lehenengo alkateordea eta Gobernantza eta Proiektu Estrategikoen zinegotzi Gotzone Sagardui ari da Bilbo Hiria ordezkatzen. Hala, aktiboki parte hartuko du hiriak bizitzeko egokiago eta jasangarriago egiteko erronkak lantzea helburu duen hamargarren edizio honetan.

Alkateen Munduko Foroa nazioarteko topaketarik garrantzitsuenetarikoa da, eta mundu osoko udal arduradunak bertaratzen dira, bai eta sektore pribatuko adituak ere, hiriko lidergo-praktikak partekatzeko asmoz. Hausnarketarako eta eztabaidarako espazio hori Singapurko Bizitzeko moduko Hirien Zentroak eta Hirigintza Birgaitzeko Agintaritzak antolatu du.

Kongresuak iraun bitartean, Gotzone Sagarduik hainbat eztabaida eta saiotan hartuko du hitza, eta konfiantza sozial eta instituzionalarekin lotutako gaiak landuko ditu, bai eta hirien garapen ekonomikoarekin eta ingurumenarekin lotutakoak ere. Sagarduik Bilboko Udalean garatutako akordioen politika eta hirian ezarrita dagoen gertuko poliziaren eredua aurkeztuko ditu. Azken hori hiritarren parte-hartze zabalean oinarrituta dago, eta pertsonak politikaren erdigunean kokatzen ditu, auzoei nahiz hiriaren osotasunari dagokienez.

HAINBAT TOPAKETA INSTITUZIONAL

Medellinen dagoen bitartean, Bilboko Udaleko Gobernantza eta Proiektu Estrategikoen zinegotzia hainbat bilera izaten ari da hiri kolonbiarreko proiekturik garrantzitsuenetariko arduradunekin. Hiri hori Latinoamerikako Think Tank (ideien laborategia) garrantzitsuenetarikotzat jotzen da.

Atzo, Gotzone Sagarduik esperientziak partekatu zituen Medellingo Merkataritza Ganberarekin, Ruta N Negozio eta Berrikuntza Zentroarekin, Aburrá Bailarako Metropolialdearekin eta Medellingo Kontzejuko presidentearekin. Horrez gain, gaur Sagardui Medellingo Inbertsioetarako eta Kooperaziorako Agentziako ordezkariekin eta, ondoren, TECNNOVAko eta Unibertsitate, Enpresa eta Estatuaren Batzordeko arduradunekin bilduko da.

Duela bi urte, Bilboko alkatea, Juan Mari Aburto, Medellinen egon zen Kolonbiako hiriko Alkate Federico Gutiérrezekin. Bada, berarekin esperientzia ugari partekatu zituen eta ekonomiaren garapenean eta sustapenean lan egiten duten hainbat enpresen jarduera ezagutu zuen.

Hirien Munduko Goi-bileraren testuinguruan, Gazte Liderren Sinposioaren seigarren edizioa ere egiten ari da. Horretan, hirien agendako sektorerik garrantzitsuenetako profesionalen talde bat biltzen da, eta Bilboko Udalak ere badu bere ordezkaritza.

Bilbo izan zen Lee Kuan Yew World City Prize saria irabazi zuen lehen hiria. Horrenbestez, 2013an Alkateen Munduko Foroa hartu zuen, eta ekitaldia Singapur hiritik kanpo egiten zen lehenengo aldia izan zen. 2015ean New Yorken egin zen, eta 2017koa Suzhoun (Txina). Horiek, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren edizioetako sariak irabazi zituzten hiriak dira.