BILBO. Bilbok LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatuko du gaur "Pausoz pauso harrotasunez" lelopean ekimenaren helburua diskriminaziorik eta indarkeriarik gabeko hiri finkatzea da.

Udalak adierazi duenez, “bilbotarrak animatu nahi ditu harrotasunez eta irmo adieraz ditzatela euren sentimenduak eta sexualitatea eta generoa bizitzeko modua”. Aldi berean, gizarte osoari dei egiten diogu aldarrika ditzala pertsona guztien eskubidea, genero-nortasuna, sexu-nortasuna eta sexu-orientazioa harrotasunez adierazi ahal izateko. Ildo horretan, sexu-dibertsitatearen aurrean inolako eragozpenik ez duen gizarte ireki eta zabal bat bultzatzen duten ekimenak eta sentsibilizazio-kanpainak bultzatzen eta egiten ari dira Udaleko zenbait sail. Eta gainera, gizartea izan dadila edozein diskriminazio-adierazpide -baita sexu-askatasunerako eskubidea urratzea ere- gaitzetsi eta horiei erantzun irmoa emango diona.

Maiatzaren 17an, Homofobiaren, Lesbofobiaren, Transfobiaren, Bifobiaren eta Intersexfobiaren kontrako Nazioarteko Egunean bezala, gaur ere Udalaren helburua eta nahia bereizketa eta indarkeria bako uri bezala sendotzea da, auzo eta kale bat ere kanpo utzi barik; hau da, errespetua nagusi izatea, baita berdintasuna benetakoa, normalizatua eta aurreiritzi bakoa izatea ere. Era berean, gaur, Udalak erabat gaitzesten du LGTBI komunitatearen eskubideak zapaltzea, sexu-orientazio eta genero-identitatea dela eta baztertzeko edozein jarrera edo jokabiderekin agerian jartzen dena.

UDALETXEA ORTZADARRAREN KOLOREEKIN

Aurten beteko dira 50 urte New York-eko lehenengo protestak egin zirenetik. 1969ko ekainaren 28an, Sylvia Rivera, Marsha P. Johnson eta beste emakume batzuek LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideen aldeko borrokan eta aldarrikapenean bidea ireki zuten, New Yorkeko Greenwich Village auzoan poliziaren aldetik jasan behar zuten etengabeko jazarpenaren alde altxatu zirenean. Ordutik urtero ekainaren 28a bakoitzak gura duen bezalakoa izateko, eta gura duen moduan adierazteko eta maitatzeko askatasuna aldarrikatzeko eguna da; hots, duintasunaren alde borrokatzeko eta kolektibo honek erdietsitako lorpenak ospatzeko.

Bilbok bat egin du nazioarte-mailako mugimendu horrekin. Duela 5 urtetik hona Bilbao Bizkaia Harro egiten da ekaineko egun hauetan eta kultura, jolas eta sentsibilizazio-jarduera asko daude LGTBIQ+ eskubideen alde. Udala horietan laguntzailea da. Aurreko astean, ekainaren 20tik 23ra bitartean, kontzertuak, zinea, umeentzako jolasak, erakusketak, drag gala bat eta dibertsitatearen aldeko ontzien desfilea, ibaian, “Ur Parade”, egin dira Bilbon.

Ekimen horien arteakoa da Bilboko Udalaren eraikin nagusiko fatxada ortzadarren banderaren koloreekin argiztatzeko asmoa, Bilbao Bizkaia Harrotik bihar arte, ekainak 28, LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez.