BILBO. 2019ko XXXI. Bilbainada Lehiaketako epaimahaiak, Julen Murga Olabegoyak idatzitako “Pergolan” lanari eman dio euskarazko bilbainada onenaren saria. Lan hori izan da, baita ere, puntu gehien lortu dituena. Gaztelaniaz idatzitako bilbainadarik onenari ematen zaion saria, Guillermo Garmendiaren “La nueva plaza del gas” lanak jaso du. Bakoitzak, garaikurraz gain, 955 euroko saria jasoko du.

Gainera, 420 euroko saria jasoko duten zortzi akzesitak hauek izan dira: José María Larrazabalen 'Bilbo barruan', Fernando Botanzen 'Un donostiarra en el botxo', José Luis Fernándezen 'Iturrigorri, fuente de Rekalde', Aurelio Marroquínen 'Chimbo', Miguel Ángel Gómezen 'Las bilbainadas, precidado legado', Maite Garmendiaren 'Que no te quiten Bilbao', Juan Carlos Guerreroren 'Bilbao, inundaciones 83' era Roberto Gutiérrez de Rozas eta Xabier Rementeríaren 'Gure Txemi'.

Sari banaketa ekitaldia Aste Nagusiko ostiralean (abuztuaren 24an) izango da Casilda Iturrizar Parkeko Pergolan, eguerdian, egun horretako bilbainada kontzertuaren barruan. Sariak Bilboko Alkateak, Juan Mari Aburtok, eta Udaleko beste kide batzuek banatuko dituzte.

Ohikoa denez, Bilboko Udalak, XXXI. edizio honetako abesti irabazleak jasoko dituen disko bat argitaratuko du, musikari profesionalek grabatuta. Diskoa Arriaga Antzokian abenduaren 15ean, igandean, egingo den galan aurkeztuko da. Iazko edizioan, gaztelaniazko lan irabazlea Fernando Ibarraren “Joya europea 2018” izan zen, eta euskarazkoa, José María Larrazabalek idatzitako “Naturaren eskutik” lana.

BILBOREN HISTORIA

Bilbainada lehiaketa, gure hiriaren egunerokotasuna erakusten duen abesti bilduma bilakatu da urteak igaro ahala. Konposizio horiek Bilboren historia kontatzen dute, arkitektura lanetan, garraiobideetan, erakundeetan edo pertsonaia enblematikoenetan oinarrituta. Lehiaketak arrakasta handia du herritarren artean, eta, normalean, hogei abesti inguru aurkezten dira.

Saritutako abestiez gain, edizio honetako epaimahaiak, Hirian hain sustraituta dagoen musika genero honi emandako laguntza eta bultzada aitortzen duen Ohorezko Don Diego sari berezi bi eman dizkie Iñaki Basabe bilbainada abeslari eta konposatzaileari, kontzertu asko eta askotan eta mota guztietako ekitaldi eta agertokitan bilbainadak eskainiz egin duen lan nekaezinarengatik, eta urte luzez lehiaketa honetan parte hartu eta hainbat sari lortu zituen Juani Peñagarikanori.

Edizio honetako epaimahaiko kideak hauek izan dira: Nekane Alonso Bilboko Udaleko Zinegotzia; Enrique Campos, Nervión Taldeko (TeleBilbao ? Radio Nervión) Zuzendaria; Iñaki Uranga, abeslaria; Ana Madariaga, Bilbao Musikako Gerentea, eta Amagoia Loroño Akordeoi Orkestrako zuzendaria.