IRAGAN irailean FSB 2019 autoaren sorkuntza prozesuari ekin zion Bilboko Ingeniaritza Eskolako Formula Student Bizkaia taldeak. Azaroaren amaierara arte ibili ziren ibilgailuaren diseinua lantzen, ostera abendutik martxora fabrikazio mekanikoan murgiltzeko. Apirilean testing garaia heldu zen, eta horretan ibiliko dira uztailean Silverstoneko eta abuztuan Montmeloko lehiaketetara jo arte, hots, garatutako horren gazi-gozoak arakatzen, ahalik eta bertsio onena erakusteko bi zirkuituetan.

Atzo goizean, “hilabeteetako” lan horrek argia ikusi zuen San Mameseko zabaldegian. Kakotxak premiazkoak dira lan hori definitze aldera, 2006an sortu zenetik FSB taldeak beta eskas izan duelako. Izan ere, urtero lan taldeak Formula 1 estiloko kotxe bat garatzen du hasierako lerroetan aipatutako prozesuari jarraiki, modu honetan Ingeniaritzako ikasleen formakuntza eta enpleagarritasuna sustatuz. Bai, unibertsitateko ikasleak dira proiektu honen giltzarria, baina zein da kotxe hori garatzearen atzean dagoen azkeneko jomuga? Formula Student lehiaketan parte hartzea.

Institution of Mechanical Engineers taldearen eskutik, Formula Student munduko unibertsitate ezberdinetako ikasleen arteko norgehiagoka da. Lehiaketa honetan, parte hartzen duten unibertsitate bakoitzeko kideek eserleku bakarreko beribilak garatu behar dituzte; baina ez edonolakoak. Ibilgailuak ezaugarri bereizgarriak azelerazio, balaztaketa eta finkotasunean erakustearekin batera, ekonomikoa eta fidagarri behar du izan. Eta ez hori bakarrik, estetika eta erosotasun arloei ere begiratu behar zaielako. Horiek guztiak hoberen kudeatzen dituen ibilgailua da irabazle, arlo dinamikoa gailendu egiten bada ere. Izan ere, erabakitzerako orduan, froga dinamikoak atalak epai finalaren %67,5a hartzen du, eta froga estatikoak atalak %32,5a.

Proiektua 2006an jaio bazen ere, 2008a izan zen lehendabiziko autoa kaleratu zuten urtea. Froga estatikoetan soilik parte hartu zuen prototipo horretatik azkenera egoera zeharo aldatu da FSB-n, batez ere 2017tik aurrera. Urte hartako FSB2017a taldearen historian aipamen gehien lortu dituen autoa da, Business Case atarian lehen postua erdietsiz, azelerazio frogan bigarrena, Design Event proban bosgarrena eta Cost Event-en seigarrena. 2018an Business Case-n aurreneko postua errepikatu zuen taldeak, Formula Student UK-ren historian errepikatzea lortu duten bakarrak bilakatuz.

2019ra itzulita, Bosco Lopez FSB-ren talde kudeatzaileak proposamen teknikoen nondik norakoak azaldu zituen atzoko aurkezpenean: “Gure proposamenen artean balaztaketa birsortzailea arintzea ahalbidetu duen karbonozko esekidura, eta batez ere, pack aerodinamikoaren ongarritzea aurki daiteke”. Proposamen horien emaitza, hiru segundutan 0-tik 100 km. orduko azelerazioa lortzen duen, erabateko potentzian 22km-ko autonomia duen, eta orduko 110 km-ko abiadurara heltzen den beribila da.

“Haiek dira proiektu honek aurrera egitearen arrazoia”, aintzatetsi zuen FSB-ren Faculty Advisor-ra den Javier Corralek, proiektuan burubelarri dabiltzan ikasleen inguruan. Orotara 54 dira proiektuaren parte aurtengoan. Eta Ehunka dira 36 egun barru argazkian ikus daitekeen ibilgailuaren lehiakide. Urrunerago heltzeko gai izango al da?