BILBO. 'Darabilbo' programak hainbat jarduera eskainiko ditu ekainerako. Programaren helburua helduen artean aisialdian euskara sustatzea da. Ekimenean doako jarduerak eta tailerrak izango dira. Udalak antolatutako programan parte hartzeko ezinbestekoa da 16 urte beteta izatea (familiako jardueretarako izan ezik) eta euskaraz ahoz komunikatzeko gai izatea.

“Erabili Euskara Bilbon” leloarekin, jarduerak taldeka egiten dira uriko auzoetan urte osoan zehar, uztailean eta abuztuan izan ezik. Jarduera hauek, oro har, euskaraz berba egiten duten pertsonentzat dira, aisialdian euskaraz bizi nahi dutenentzat.

Era bateko eta besteko jarduera eta tailerren artean eskaintzen dira bisita gidatuak Arte Ederren Museora eta Guggenheimera, Euskal Dantzak, antzerkia, garagardo, ardo, kafe eta olio dastaketak, kultur ibilaldiak Bilbon han eta hemen, kultur jarduerak, sukaldaritzako tailerrak, esku-lanak, argazkigintza, autodefentsa, teknologia berriak eta literatura tailerrak, besteak beste. Jarduera guztiak euskaraz egingo dira, eta dohainik izango dira.

Hona hemen datorren ekainerako zer eskaintzen den, besteak beste: bisita gidatuak Arte Ederren Museoan, Ignacio Zuloagaren erakusketa ikusteko; garagardoa, txakolina, ardoa eta gazta dastatzea; bertso jaia; irakurketa tailerra; erromeria tailerra; jendeaurrean hitz egiteko gaitasunak lantzeko tailerra eta ibilaldi gidatuak oinez Olabeaga auzoan zehar.

Jarduera horietan parte hartzeko, Darabilbo web orrian eman behar da izena: www.darabilbo.eus.