BILBAO. Hainbat jarduera antolatu dira hiriko hainbat espaziotan Bilbao Art District ospatzeko. Doako kontzertuak, emanaldi artistikoak, bisita gidatuak, tailerrak eta hitzaldiak izango dira, besteak beste. Aurtengo edizioaren helburu nagusia izango da ikusizko arteek hiribilduan duten balio ekonomikoa, soziala eta kulturala aldarrikatzea.

Aurtengo edizioko esku-hartzerik garrantzitsuenetako bat Jonathan García Lana (Tunipanea) artistaren “Lutiteka” da. “Lutiteka” maiatzaren 11ra arte Zabalguneko erakinean ikusgai egongo diren ezohiko musika-tresnen bilduma da. Musika esperimentala sortzen eta interpretatzen duten hainbat artistak musika-tresna horiek erabiliko dituzte gaur, zuzenean, Zabalguneko eraikinean. Zuzeneko emanaldia 20:00etan hasiko da. Era berean, ostiralean, maiatzaren 10ean, erakusketa ikusteko bisita gidatu bat egin ahal izango da 18:00etan. Erakusketa ixten den unetik aurrera, maileguan hartu ahal izango dira musika-tresnak.

Ikusle guztientzako artea

Bilbao Art Districten Arteen Asteko programazioaren barruan, “iHerritar Ekologikoak” bisita gidatuak nabarmendu behar dira. Esku-hartzea sortu duten Álvaro Aroca Córdova eta Miriam Martínez Guiraoren asmoa da testuaren bitartez eta “NAN” bat eginez parte-hartzaileak hiribilduan dauden zuhaitz kanpotarrekin lotzea eta identifikatzea. Ibilbideak egiteko, aldez aurretik eman behar da izena Bilbao Art Districten webgunean. Ibilbideek ordubete iraungo dute, eta mundu guztiarentzat pentsatu dira; euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko dira gaur eta bihar, 18:00etan. Larunbatean ere bi aukera egongo dira, 12:00etan eta 18:00etan, eta igandean ere bai, eguerdian.

Bestalde, jardunaldiak eta hitzaldiak eskainiko dira hainbat espaziotan. Gaur, 19:30ean, Spazio Ranieri espazioan, “Harmonia, mugimenduak eta matematikak” delakoaren txanda izango da, Basque Center for Applied Mathematics zentroko Luca Gerardo-Giorda ikertzaile eta matematikariarena.

Bihar, ostirala, maiatzaren 10a, Bilbao Art Districten eta Azkuna Zentroaren arteko lankidetzaren emaitza eskainiko da Azkuna Zentroan, 17:00etan. Bertan, praktika artistikoen balioen inguruan pentsatzeko, hausnartzeko eta eztabaidatzeko “Beste modu batean pentsatzeko testuinguruak sortzea” jardunaldia antolatuko da, eta honako hauek izango dira bertan: María Ptqk, Mireia Sallarés, Carles Ángel Saurí, Felipe Gil, María Benito, Beñat Krolem eta Eriz Moreno. Zabalguneko eraikinean, halaber, Sizigia liburua aurkeztuko du Pako Pimientak Zabalguneko eraikinean, 19:30ean; sakontasun poetikoko argazki-liburu bat da.

Era berean, asteburuan zehar, Zabalguneko eraikinean hau ere, Open Portfolio 2019ren lehenengo edizioa ikusiko dugu, non obra grafikoan lortu duten kalitate onagatik hautatutako hamasei artistek egindako lana erakutsiko den.

Bilbao Art District

Bilboko Udalak sustatu duen Bilbao Art Districten helburua da hiribildua herritarrak, artistak, arte-galeriak, kultura-eragileak, ekoizpen zentroak, museoak, unibertsitatea, sektoreko profesionalak eta modu batean ala bestean artearen munduarekin zerikusia duen pertsona eta erakunde oro elkarrekintzan aritzeko ingurune bihurtzea.

Bilbao Art District proiektua Arteen Astea baino haratago doa; hain zuzen ere, sektore artistikoa mugiarazi nahi du, eta artea urte osoan zehar sortzea, erakustea eta merkaturatzea. Jarraipena duen lanaz ari gara, eta herritar guztiei nahiz kultura- eta sormen-eragile nahiz profesionalei irekiko zaie.