Rockein lehiaketaren bederatzigarren edizioan izena emateko epea ireki da, Euskadi eta Nafarroako talde eta bakarlari berriak bilatzeko. Izena emateko epea zabalik egongo da irailaren 30era arte eta finala azaroaren 27an izango da Basauriko Social Antzokian. Bederatzigarren edizio honetan Eskarabilera Saria izango da berritasun nagusia: gutxienez kideen erdia emakumeak dituzten taldeek parte hartu ahal izango dute.

Bederatzigarren urtez jarraian Basauriko Udalak Rockein musika-lehiaketa deitu du, Arrigorriagako, Galdakaoko eta Laudioko udalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Jasotako proposamen guztien artetik sei finalista aukeratuko ditu sektoreko profesionalek osatutako epaimahaiak; eta azaroaren 27an Basauriko Social Antzokian ospatuko den finalean joko dute zuzenean. Gau horretan bertan erabaki eta emango du ezagutzera epaimahaiak zein diren 2021eko talde irabazleak. "Sarien artean daude EP baten grabazioa, ekoizpena eta masterizazioa (bost abesti), bideoklip baten ekoizpena eta MAZ Basauri jaialdian jotzeko aukera", aipatu zuten atzo aurkezpenean.

Urtetik urtera, musika lehiaketa honek ospea hartu du eta partaide-tza nabarmen hazi da. Zentzu honetan, 2020an Rockeinek bere parte-hartze errekorra gainditu zuen bosgarren urtez jarraian, 169 parte-hartzailerekin, eta 2020ko azaroaren 20an Social "Antzokian ospaturiko finalerako 250 gonbidapenak agortu egin ziren, finala itxiera perimetrala indarrean zen garaian ospatu arren. Lehiaketak bikoiztu egin du parte-hartzea 2013ko lehen ediziotik", gogoratu zuten.

Aurten gainera, ohiko kategoriez gain (Sari Nagusia, Tokiko Artistarik Onenaren Saria y Euskarazko Artistarik Onenaren Saria), Eskarabilera Saria aurkeztu du antolakuntzak, publikoaren sariaren ordez. "Irabazteko hautagai izango dira gutxienez kideen %50 emakumeak dituzten taldeak".

Cecilia Payneek, aurreko edizioko talde irabazleak, atzo aurkeztu zituen sariaren ondorioz ekoitzitako lanak; bost abestiz osatutako EPa eta Sad Song abestiaren bideoklipa, Rockeinen sare sozial ofizialetan ikusgai dagoena. Oso urte zaila izan da kulturarentzat, baita lehen urratsak ematen ari diren talde askorentzat ere, eta Rockeinek agertoki bat izan nahi du haientzat."2021ean hazten jarraitu nahi dugu eta Rockein hortxe egongo da talentuak musikaren munduan bidea egiten jarrai dezan", aipatu zuen Asier Iragorri Basauriko alkateak.