Enpresa Txiki eta Ertainen (ETE) eta Ideia Berritzaileen V. lehiaketa abiarazi du Etxebarriko Udalak. Gainera, aurten berritasun gisa, oinarrietan parte hartzeko bi modalitate desberdin ezarri dituzte; alde batetik, ETEei eta udalerriko profesionalei zuzendua dagoena eta bestetik, Etxebarriko gazteei.

Lehiaketa honen helburu nagusienetako bat,“tokiko administraziotik berrikuntza sustatzeko eta laguntzeko, esperientzien trukatzea sustatzea” da, azaldu dute udaletik. Gainera udalerrietako ETE Berritzaileak sustatzea eta ikusgarritasuna ematea merkatu eta inbertitzaile potentzialetara sarbidea erraztea bilatzen du. Honen bidez ideia eta proiektu berritzaileei balioa emango zaie eta, azkenik, “gazte proiektu parte-har-tzaile eta berritzaileekin, talentu gaztea sustatzea eta udalerriko bizitza soziala aberastea bilatzen da”, diote.

Berrikuntza osagai nagusia duten ETE, MikroETE eta StartUp edo proiektuek parte hartu ahal izango dute lehiaketan, baita ideia berritzaile bat duten 15 eta 20 urte bitarteko gazteek ere. “Irabazleek komunikazio bidezko itzulera jasoko dute, izan ere, Etxebarriko Udalak, Innpulso Sareak eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak hautatutako proposamena zabalduko dute, modu horretan, proiektuak komunikabideetan ikusgai egoteko aukera izango du”, aipatu dute.

Lehenengo modalitatean, saritzen den proiektu edo enpresari 1.500 euro emango zaizkio. Bigarren modalitatean, gazteen kategorian hiru sari egongo dira. Horrela, ideia irabazlea 500 eurorekin sarituko da eta gero beste bi idei sarituko dira (300 eta 200 euro).

Lehiaketan parte hartzeko epea zabalik dago eta irailaren 24ra arte luzatuko dute. Hautagaitzak, oinarrietan eskatutako gainerako dokumentazioarekin batera, telematikoki aurkeztu beharko dira ezarritako epea amaitu baino lehen (www.etxebarri.eus), eta argi eta garbi adierazi beharko da zein modalitatetan aurkezten diren.