Galdakaoko eta Basauriko Berbalagun programak martxan jarri dituzte jada. Hamaseigarren ikasturtea hasiko du Galdakaoko Berbalagunek, hamargarrena Basaurikoak. Berbalagun programak euskaraz bizi nahi duten horiei, "bizitza bere osotasunean euskaraz egiteko pausuak ematen laguntzen die", azaldu dute antolakuntzatik. Izan ere, "euskaldun berriei ikasitakoa praktikara eroateko zubi lana bikaina izateaz gain, euskaraz bizi nahi duten euskaldun osoei euren ingurua euskalduntzen laguntzeko lanabes ezin hobea da".

Izena emateko hainbat arrazoi edo motibazio nabarmendu dituzte antolakuntzatik. Horrela, "lantokian, etxean edo koadrilan euskaraz hitz egiteko ohitura falta dago eta euskaraz hitz egin nahi dute", edo "guraso izan berritan umearekin euskaraz aritu nahi dutenentzako" ere aukera ezin hobea da Berbalagun. Galdutako euskara berreskuratu nahi dutenentzako, azterketa ofizial baterako ahozko proba prestatzeko edo "euskaltzaleak dira, eta ez dakitenei lagundu nahi dieten" pertsonentzako aproposa da programa.

Datuak begiratuta, Galdakao eta Basauriko Berbalagun proiektuetatik 600 lagun inguru ibili dira urte hauetan. Azken ikasturtean (2019-20) 240 lagun ibili ziren 33 berbataldetan banatuta. Aurten, "talde hauetako batzuk jadanik martxan daude, hots, elkartzen hasi dira, betiere osasun neurriak errespetatuz". Aipatu behar da talde arruntez gain, hau da, tabernetan geratzen diren taldeez gain, "interes taldeak ere badaudela, hala nola: mendi taldea, jostun taldea, euskal dantza taldea, txalaparta taldea, bizkaiera lantzeko taldea eta paseo taldea eta irakurketa taldea", diote. Gainera Berbalagunen perfila anitza da: ikasleak, langileak, langabetuak, jubilatuak, gazteak, helduak... Iazko kiderik gazteenak 20 urte zituen; zaharrenak,ordea, 83. Berbalagunen %75 emakumezkoa da, eta %25, gizonezkoa. Programa hau doakoa da.

'on line'

"Pandemiak sortutako egoera batere erraza ez den arren, proiektuak aurrera jarraituko du", argi utzi dute antolakuntzatik. Horregatik, alde batetik, "beti 6 pertsonako muga hori pasatu gabe" egingo dira taldeak. Eta beste alde batetik, "prest ditugu ekintzak on line. Ekintza hauei Hautu-Mautu esango diete. Gainera, Berbalagunek bideo-dei taldeak ere sortuko ditu.

Beraz, ideia, aurrera jarraitzea da, "euskaldunak elkartzen eta euskara praktikatzeko hainbat aukera ematen". Taldeak martxan dauden arren, orain ezin duenak aurrerago ere izena eman dezake. Talde batean baino gehiagotan aritzeko aukera ere badago. "Proiektu honetan parte hartzea erabat dohainik da, baina euskaraz elkarrizketa bat mantentzeko kapaz izatea eskatuko zaio jendeari".