Azaroaren 14an, larunbatean, tranbia Arratiako herrietara itzuliko da. Tranbia metaforiko bat izango da, tranbia solidarioa eta sinbolikoa, alegia. Papa Franciscok deitutako IV. Behartsuen jardunaldia ospatzeko, Caritas Arratiatik ekimen solidario bat antolatzea erabaki dute. Tranbia sinboliko honen bitartez, dirua bilduko da haraneko herrietan, geroago kausa solidario batera zuzenduko dena.

Horretarako, jada txartelak salgai daude bidaia solidario honetan parte ahal izateko. Luzatu eskua pobrearidaukan ekimen honen bitartez, aurreko urteetan hainbat elkarteri lagundu zaio, baina aurten erabaki den kausa solidarioa ez dute esango oraindik. Abuztuan, Caritas Arratiako boluntarioek ez dituzte bere jarduerak gelditu.

Lan egiten jarraitu dute, batez ere, arazo larriak dauzkaten familien harreran eta, halaber, datorren azaroaren 15erako, Behartsuen Munduko egunerako prestaketak egiten. Egun horren bezperan (14), larunbatean, Arratia ezuste on batekin esnatu eta argituko da. “Tranbia zaharrak bere sirena berriro joko du, pobreziaren aurrean axolagabetasuna eta erosotasuna salatzeko helburuarekin”, azaltzen du Maribel Salcedo, Caritas Arratiako koordinatzaileak. Jende zahar askok tranbia zahar hura gogoratzen du txeraz.

“Ez zihoan azkarregi, baina leku guztietara heltzen zen eta guztiontzako lekua bazegoen”, diote elizatik. Ideia hori irudi egin eta gizarte inklusiboaren eredu zoragarria izan daitekela pentsatu dute, “non guztiak lekua dugun, eta gainera, bidai horretan ez da inor kanpoan geratzen, ez bere ideia erlijiosoengatik, ezta bere azalaren kolorearengatik”. Egun horretan egingo duten jaurdunaldiari lotuta, San Inazio egunean, Igiriñaoko zelaietan ospatu zuten mezan, Arratiko tranbiak bertsoak estreinatu zituzten.

Koruan parte hartu zuen Itziar Artetxek gogoratzen duen bezala, “aita tranbian lan egiten zuen, kobratzaile bezala”, eta antolatu duten ekimena ezin hobea ikusten du, garrantzi handia zuelako Arratiako biztanleentzako, eta orain, tranbia sinboliko horren ideiarekin jokatuz, helburua da inor atzean ez geratzea, “guztiok tranbia horretan igo eta aurrera joatea”.

Txartelak eta sariak

Bidaia eta jardunaldia sostengatzeko, txartel solidarioak salmentan daude Arratia osoan, bi eurotara. Sari handiak lortzeko aukera izango da parte hartu nahi izan ezgero. Zozketa, Zeanuriko pilotalekuan egingo da, alegia, ibilbidearen amaiera izango den lekuan. Baina lehenengo, Arratiako herriak zeharkatuko ditu Tranbia sinboliko honek, ekimen kultural eta musikal honekin bat. Gaur egun bizi den egoera dela eta, leku mugatua egongo da eta osasun-arau guztiak zainduko dira Zeanurin egingo den azken ekintza honetan. Arratiako elizatik azaldu dute tranbia, oraingoan furgoneta bat izango dela, baina “tranbiaz mozorrotuko dugu”.

Dena den, larunbat horretan Zeanurira joan ezin direnentzako, gauzak erraz jarriko zaizkie. Herri bakoitzetik pasatzeko orduan saiatuko dira erraztasunak ematen parte hartzeko. Herri bakoitzean jendea tranbiaren etorrera itxaroten egotea da ideia. “Umeek eskulan ezberdinak prestatuko dituzte jaurdunaldi honi buruz, eta beren familiekin batera, musika eta giro paregabea izango dituzte lagun, solidaritatea ez delako poztasunaren eta alaitasunaren etsai”, diote Arratiako elizatik.

Hurrengo egunean, igandean, Arratian izango diren meza eta ospakizunetan, mezu hau berdina kontuan hartuko da eta “diru-eskeak helburu honetara berera zuzenduko dira”. |Udaletxe batzuk ekimen honekin bat egin dute eta laguntza emango dute. Txartelekin, diru-eske eta dohaintzekin lortzen den diru guztia, proiektu solidario bati laguntzeko izango da, justizia eta pobreziaren kontra lan egiten duen proiektu bati, beti ere Bizkaian lan egiten duena.

Aurreko urteetan, jaurdunaldi honi esker, laguntza prestatu zaie elkarte batzuei; Harribide Fundazioa, Askabide Fundazioa eta Jangela Sozial ezberdinei ere laguntza prestatu zaie.

“Tranbia zaharrak bere sirena berriro joko du, pobrezia salatzeko helburuarekin”

Caritas Arratiako koordinatzailea