BILBAO. Erlaxazio eta oroimena hobetzeko bi tailer izango dira Ugao-Miraballesen Zainduz programaren barruan. “Gure Etxea” jubilatuen eta pentsiodunen Elkartean (Udiarraga, 25) eskainiko dira biak ala biak. Parte hartu nahi dutenek Udaletxera jo dezakete edota 688 679 667 (Ana) telefonora deitu.

“Erlaxazio-tailerra” menpekotasuna duten pertsonen senide zaintzaileentzako tailerra da eta Beatriz de la Fuente psikologoak zuzenduko du. Parte-hartzaileek erlaxazio teknikak ikasi eta praktikan jarriko dituzte, bere osasun fisiko eta psiko-emozionala hobetzeko helburuarekin, aldi berean, euren ongizatea eta bizi-kalitatea hobetuz. Kasu honetan ekimena martxoaren 4, 11 eta 25ean eta apirilaren 1ean ospatuko da 16:30etik 18:00etara.

Bestalde “Nola hobetu gure oroimena eta konpondu eguneroko ahazteak” izeneko tailerra martxoaren 7, 14, 21 eta 28an eta apirilaren 4an egingo da 17:00etatik 18:30era eta doakoa izango da 60 urte baino gehiago dituzten pertsonentzako.

Ugao-Miraballesko Udaleko Gizarte Ekintza Saila, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin, 2010. urtetik ari da Zainduz programa garatzen. Programa honen helburu nagusia familia-ingurunean mendetasuna artatzea eta familiako zaintzaileak babestea da, zainketaren kalitatea hobetzeaz gain zainduak direnak euren jendarte- eta familiaingurunean gera daitezen laguntzeko asmoz.

Ekaitz Mentxaka alkateak adierazi duenez, “beste behin, Ugao-Miraballesko Udalak zerbitzu honen aldeko apustu egiten du, honek mendekotasun arriskuan edo egoeran dauden pertsonak babesteko gizarte-familiako sarea osatzen duten zaintzaileei beste pertsona batzuk zaintzeko eta euren burua zaintzeko ezagutzak, jarrerak eta gaitasunak eskuratzeko aukera eskaintzen baitie”. Halaber, gehitu nahi izan du, zalantzarik gabe, “menpekotasun egoeran dagoen pertsona baten zaintzaile baten lan konplexuari erantzun globala eman nahi duen erreminta oso garrantzitsua da hauxe”.