Bihar ekingo dio Galdakaok Kirolur ekimenaren udako faseari
Herritarren artean jarduera fisikoa eta bizimodu osasuntsuak bultzatzeko helburua du
Aurreko edizioak herritarren artean izan duen harrera bikaina kontuan izanda, Galdakaoko Udalak Kirolur Erronkaren udako faseari ekingo dio astelehen honetan, ekainaren 15ean.
Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako ekimena da, herritarren artean jarduera fisikoa eta bizimodu osasuntsuak bultzatzeko helburuarekin. Bertan, Galdakao Bizkaiko beste 60 udalerri baino gehiagorekin arituko da herri aktiboena izateko lehia osasuntsuan. Oraingo aldia uztailaren 15era arte luzatuko da.
Udaberriko etapan lortutako parte hartze eta jarduera datu positiboen ondoren -222 parte hartzaile eta ia 33.000 kilometro metatuta-, Galdakaoko Udalak herritarrak ekimen kolektibo honetan parte hartzen jarraitzera animatzen ditu.
Parte-hartzea
Orain arte, lurralde osoan 5.100 parte hartzaile baino gehiago eta 60 udalerri baino gehiago izan dira Kirolur Erronkan parte hartu dutenak, Bizkaiko Foru Aldundiak ekimenari hasiera eman zionetik. Ekimenak eguneroko jarduera fisikoa (oinez ibiltzea, korrika egitea, bizikletaz ibiltzea edo igeri egitea, besteak beste) herriaren aldeko ekarpen kolektibo bihurtzen du. Gainera, udalerriek lortutako emaitzen arabera, tokiko kirol klub eta elkarteek euren jarduera indartzeko dirulaguntzak eskuratzeko aukera izango dute.
Lehen fasean izena eman zuten pertsonek ez dute inolako izapide berririk egin beharko, orain arte bezala parte hartzen jarraitu besterik ez. Lehen aldiz batu nahi dutenek, berriz, Wellk aplikazioa deskargatu, bertan erregistratu eta Galdakao udalerri gisa hautatu beharko dute.