Aste honetatik ekainaren 22ra arte, ikusgai egongo da Sestaoko Musika Eskolan 'Ahora me ves' izeneko erakusketa. Horren helburua emakumeen talentua, sormena eta ekarpena ezagutzera ematea da, udalerriko kulturaren eta artearen esparruetan. ARTGI, Sestaoko Emakume Sortzaile Artistikoen Elkarteak bultzatzen du proposamen artistiko hau.

ARTGI irabazi-asmorik gabeko elkartea da. 2024ko urtarrilaren 1ean sortu zen Sestaoko emakumeek edo udalerriarekin lotutakoek egindako arte-jarduerak sustatu, garatu eta zabaltzeko. Erakundea emakume sortzaileek presentzia eta aintzatespen handiagoa izaten laguntzeko eratu zen historikoki gutxi ikusi zaien esparruan.

Erakusketak proiektu kolektibo bat aurkezten du, eta diziplina desberdinetako bost artistak parte hartzen dute: Nuria Castillo (argazkigintza), Marian Sánchez (pintura), Maika Prado (ilustrazio digital), Marga Riscado (sormenezko joskintza) eta Olga Malic (sormenezko brodatua). Teknika desberdinak konbinatuz eta lankidetzan jardunez, emakume egileek artelan berezi bat itxuratu dute emakumeen sormen artistikoaren aberastasunari balioa emanez.

Horma-irudia

Erakusketako elementu nagusia horma-irudi handi bat da, iluntasunetik argira pasatzeko sinboloa, alegia. Artelanak adin, lanbide eta rol desberdinetako emakumeak ordezten ditu, eta begirada protagonista batetik sortzen den argi-izpi batek argiztatzen ditu guztiak. Egiteko, artistek txantiloi erkide bat landu zuten, ehun pieza baino gehiagotan banatuta, eta bakoitzak bere teknika erabiliz esku hartu zuen. Ondoren, lanak digitalizatu ziren eta konposizio bakarrean txertatu ere bai.

Horma-irudiak 1x7 metro ditu, nahiz eta jatorrizko artelana 2x14 metrokoa izan. Gainera, emakume sortzaileek beren nahia adierazi dute pieza etorkizunean udalerriko espazio publiko batean gelditzeko. Modu horretan, aintzatespenaren eta ikusgai izatearen mezua indartuko da.

Kulturako zinegotzia den Carlos García de Andoinek nabarmendu ditu ekimenaren kalitatea eta gizarte-balioa: “Gustu handiz aurkezten dut lan eder hau aurtengo erakusketen programan. Oso erakusketa berezia da, Sestaoko emakumeen elkarte batean baterako lana egin delako emakumeen begirada baliatuta. Jendaurreko aurkezpenak aparteko harrera izan zuen, eta oso inpaktu positiboa sortu du”.

Erakusketa hau dela eta, Sestaok bere konpromisoa berresten du tokiko kultura nahiz berdintasuna sustatzearen eta udalerriko sormen-ehuna laguntzearen alde.