2026ko Ibilaldia Txurdinagan ospatuko da ‘Hiri Kiribili Bil!' leloarekin
Kirikiño Ikastolak antolatuko duen Ibilaldiak musika, kultura eta euskaraz bizitzeko aukera eskainiko du Bilbon
Aurtengo Ibilaldia Bilboko Txurdinaga auzoan ospatuko da, Kirikiño Ikastolaren eskutik. Bizkaiko ikastolen aldeko jai handiak milaka lagun elkartuko ditu aurten ere euskararen, kulturaren eta hezkuntzaren inguruan. Aurtengo edizioaren leloa ‘Hiri Kiribili Bil!' izango da, eta Bilbo, euskara eta komunitatea lotzea izango du helburu nagusi. Ibilbidea Kirikiño Ikastolatik hasiko da, Europa parketik pasatuko da eta amaiera Txurdinagako kiroldegian izango du. Guztira lau gune prestatuko dituzte, adin guztietarako jarduera eta ikuskizunekin. Musika, dantza, antzerkia, erromeriak eta umeentzako ekintzak izango dira egun osoan zehar.
Relacionadas
Gainera, jaia ez da igandean bakarrik ospatuko, maiatzaren 30ean, bezpera egunean, ekitaldiak egingo dira Kirikiño Ikastolan arratsaldez, Ibilaldiari hasiera emateko giro berezi batean. Antolatzaileek azaldu dutenez, Ibilaldia ez da egun bateko festa soil bat, urte osoan zehar euskararen alde egiten den proiektua baizik.
Guneak eta kontzertuak
Ibilaldia lau gunetan banatuko da: Zuhatzu patioa, Gabriel Aresti patioa, Europa parkeko gunea eta Txurdinagako kiroldegia eta gune bakoitzean musika eta jarduera desberdinak egongo dira.
Zuhatzu patioan Gaztedi dantza-taldea, Tor magoa, Go!azen, Punttu Kakotx, Ezezez eta Gozategi izango dira, besteak beste. Gabriel Aresti patioan berriz, bertsolariak, Kirikiño Ikastolako abesbatza, karaokea eta “Euskara mila koloretan” sari-banaketa egingo dira. Europa parkeko gunean dantza plaza, erromeria eta DJ saioak izango dira, Kirikiño dantza-taldearekin, Lehian erromeriarekin eta DJ Kaktusekin. Azkenik, Txurdinagako kiroldegian Salbatzaile, Pakemba erromeria, Txapelpunk eta DJ Bull izango dira egunari amaiera emateko.
‘Hiri Kiribili Bil!'
Aurtengo leloa ‘Hiri Kiribili Bil!' Kirikiño Ikastolako komunitateak sortutako hitz-jokoa da, eta Bilbo, mugimendua eta euskara uztartzen ditu. “Hiri” hitzak hiria eta pertsonak hurbiltzea adierazten du, “kiribili” espiral edo mugimenduarekin lotzen da eta “Bil” hitzak Bilbo eta ibili esanahiak gogorarazten ditu.
Leloarekin batera, aurtengo kanta eta bideoklipa ere aurkeztu dituzte. Abestia Aiora Renteriak, Unai Madariagak eta Txopet taldeko kideek sortu dute, eta Kirikiño Ikastolako ikasle eta familiek ere parte hartu dute bideoan. Musikaren bidez, festa giroa eta euskararen aldeko mezua zabaldu nahi izan dituzte.
Garraioa eta sarbideak
Antolatzaileek garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute, egun osoan jende asko espero baita Txurdinaga inguruan. Metroz joateko aukerarik erosoena Txurdinaga geltokia izango da, Metro Bilbaoko 3. lineakoa. Geltoki hori Kirikiño Ikastolatik eta Ibilaldiko gune nagusietatik oso gertu dago. Bilbobusez joateko ere aukera ugari egongo dira. Txurdinagara heltzen diren lineen artean 3. linea (Plaza Circular–Otxarkoaga), 13. linea (San Ignazio–Txurdinaga), 30. linea (Txurdinaga–Miribilla), 34. linea (Otxarkoaga–Santutxu) eta 38. linea (Otxarkoaga–Intermodal) daude. Gainera, gune guztiak elkarren artean lotuta egongo dira oinez egiteko moduan. Horrela, parte-hartzaileek ibilbide osoa erraz egin ahal izango dute egun osoan zehar, jarduera eta kontzertu guztiez gozatzeko.