Bizkaiko Foru Aldundiak Trantsizio Berdea 2026 dirulaguntzen programaren hirugarren edizioa onartu du, bi milioi euroko zuzkidura duena, lurraldeko industria-enpresei ekoizpen eredu deskarbonizatu jasangarriagoak, eraginkorragoak eta lehiakorragoak lortzen laguntzeko. Ekonomia Sustatzeko Sailak bultzatzen duen programak 5 eta 250 langile bitarteko enpresa txiki eta ertainei laguntzen die egungo garapen ekonomikoaren erronka handienetako batean: ekonomiaren deskarbonizazioa eta produkzio-jardueraren ingurumen-inpaktua murriztea. Berritasun gisa aurten diruz lagundu daitezkeen proiektuen zuzkidura 120.000 eurora zabaltzen da.

Eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 18an ireki zen. Ingurumen-inpaktua neurtzeko linea erabilgarri dagoen aurrekontua agortu arte egongo da irekita, eta inbertsio berdeen eta ingurumen-berrikuntza eta ekonomia zirkularraren lineetarako epea 2026ko ekainaren 5eko 13:30ean amaituko da. Egoitza soziala eta fiskala Bizkaian duten enpresek jaso ahal izango dituzte laguntza hauek, baldin eta lurraldean gutxienez produkzio-zentro bat badute eta jarduera industrian, eraikuntzan, garraioan, industriarekin lotutako zerbitzuetan, turismoan edo handizkako merkataritzan garatzen badute.

Ainara Basurkok, Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak nabarmendu duenez, "trantsizio berdea ez da bakarrik ingurumen betebeharra; gure enpresentzat lehiakortasunerako aukera ere bada. Hobeto neurtzeak, hobeto inbertitzeak eta hobeto berritzeak inpaktuak murriztea, merkatuaren eskakizunei aurrea hartzea eta etorkizunerako industria prestatuagoa eraikitzea ahalbidetzen dute".

Basurkok azpimarratu duenez "Bizkaiak enpresen ikuspegi praktiko eta hurbiletik lagundu nahi du prozesu hau. Enpresa txiki eta ertain askok aurrera egiteko borondatea dute, baina laguntza behar dute nondik hasi, horien eragina nola neurtu eta euren aztarna ekologikoa murrizten zer inbertsio edo proiektuk lagun diezaieketen jakiteko. Hori da, hain zuzen ere, programa honen zentzua".

Trantsizio Berderako hiru laguntza-linea

Programa hiru laguntza-lineatan egituratuta dago. Lehenengoa ingurumen-inpaktua neurtzera bideratuta dago eta 400.000 euroko zuzkidura du, besteak beste, enpresaren, produktuaren, zerbitzuaren edo ekitaldiaren karbono-aztarna kalkulatzen laguntzeko; ingurumen-aztarna kalkulatzeko; bizi-zikloaren azterketa egiteko; produktuaren ingurumen-adierazpena egiteko; edo ingurumen-inpaktuaren datuak bildu, tratatu, aztertu eta bistaratzeko prozesuak eta softwarea ezartzeko.

Bigarren linea, 1.150.000 eurokoa, enpresen ingurumen-inpaktua nabarmen murriztuko duten inbertsio berdeetara bideratuta dago. Diruz lagundu daitezkeen jarduketen artean daude autokontsumorako energia berriztagarria sortzeko instalazioak, instalatuta dauden ekipamenduen eta instalazioen ordez iturri berriztagarrien energia kontsumitzen duten elementuak jartzea edo egon dauden horiek egokitzea, eskura dauden teknologia hobeak edo Teknologia Garbien Euskal Zerrendan jasotako teknologiak sartzea, eta energiaren eta baliabideen erabilera eraginkorragoa ahalbidetuko duten jarduketak.

Hirugarren lineak ingurumen-berrikuntzako eta ekonomia zirkularreko proiektuak laguntzen ditu, 450.000 euroko zuzkidurarekin. Kasu honetan ekonomia zirkularrarekin lerrokatutako ingurumen-hobekuntzako edo -berrikuntzako proiektuak babestuko dira, baldin eta balioa sortzeko prozesuei, produktuei edo zerbitzuei, edo enpresen negozio-ereduari eragiten badiete. Besteak beste, ekodiseinuko jarduketak, produktuen edo zerbitzuen balio-bizitza handitzea, ingurumen-inpaktua murriztea, inpaktu txikiagoko materialak erabiltzea, konponketa, berrerabiltzea, berriz manufakturatzea, produktuaren bizi-amaiera optimizatzea, emisioak murriztea, energia-kontsumoa hobetzea, energia berreskuratzea, hondakinak bereiztea eta tratatzea edo upcyclinga sartzen dira.

Laguntzak ingurumen-inpaktua neurtzeko linean diruz lagun daitezkeen gastuen % 50era irits daitezke, eta gehienez ere 10.000 euro emango dira onartzen den eskabide bakoitzeko. Inbertsio berdeen kasuan dirulaguntza % 50era edo % 35era irits daiteke lortutako balorazioaren arabera, eta gehienez 100.000 eurokoa izango da erakunde eskatzaile bakoitzeko. Ingurumen-berrikuntzako eta ekonomia zirkularreko proiektuetarako, laguntzek kanpoko gastuen % 50, inbertsioen % 15 eta langileen barne-gastuen % 50 estaliko dute, gehienez 120.000 euro lagundutako eskaera bakoitzeko.

Programa honen bidez Bizkaiko Foru Aldundiak berrikuntzan, baliabideen erabileraren eraginkortasunean eta enpresa-jardueraren aztarna ekologikoaren murrizketan oinarritutako lehiakortasun jasangarriarekiko konpromisoa indartzen du.