Síguenos en redes sociales:

Etxebizitza Planaren gako nagusiak identifikatu ditu Abadiñok

Herritarrei egindako inkesta batek agerian utzi du mota desberdinetako beharrizanak daudela

Etxebizitza Planaren gako nagusiak identifikatu ditu AbadiñokA. Salterain

Abadiñoko Udalakherritarrek etxebizitzaren arloan dituzten beharrizanak, kezkak eta proposamenak ezagutzeko inkesta zabaldu zuen martxoan, Etxebizitza Plana lantzeko prozesuaren barruan. Bada, ostegun honetan goizean, Ander Zangitu Hiritik At enpresako arkitektuak inkestaren emaitzak eta ateratako ondorio nagusiak aurkeztu ditu.

Herritarren parte-hartze maila nabarmena izan da, eta parte-hartzaileen ekarpenak kontuan hartuta, oso positiboki baloratzen da. Guztira, 229 erantzun jaso dira. Horien artean, emakumezkoen presentzia nagusiki handiagoa izan da (% 57,9), gizonezkoen gainetik (% 40,2), eta genero-identitate ez-binarioa duten pertsonen presentzia % 1,9 izan da. Jasotako informazioaren zati handi bat emakumezkoen ikuspegitik eraikia dago, eta, hori, bereziki esanguratsua da etxebizitza-beharren analisian, kontuan hartuta generoaren arabera desberdintasun esanguratsuak egon ohi direla etxebizitza eskuratzeko aukeretan, zaintza-kargaren banaketan edo emantzipazio-prozesuetan.

Inkestaren emaitzek erakusten dute Abadiñon etxebizitzaren arazoa izaera estrukturala duen fenomenoa dela, eta hainbat dimentsiotan agertzen dela: sarbidea, bizi baldintzak eta egokitzapena. Oro har, biztanleriaren zati handi bat etxebizitza egonkorretan bizi bada ere, bada kolektibo esanguratsu bat etxebizitza eskuratzeko edo egungo egoera egokitzeko zailtasunak dituena.

Etxebizitza-egoerari dagokionez, laginaren gehiengoa jabetzan edo alokairuan bizi da, baina emantzipazio-prozesua ez da unibertsala, eta badira oraindik familiaren etxebizitzan bizi diren edo etxebizitza propioa eskuratu ez duten pertsonak.

Bizikidetza-ereduei eta etxebizitza tipologiari dagokienez, familia-unitateak eta etxebizitza kolektiboetako pisuak dira nagusi, eta horrek baldintzatzen du etxebizitza-beharren izaera. Aldi berean, bakarrik bizi diren pertsonen presentzia esanguratsuak agerian uzten du etxebizitza txikiagoen edo tipologia malguagoen beharra, gaur egungo eskaintzak ez baitu beti behar horiei modu egokian erantzuten.

Balorazioa

Etxebizitzen balorazioari dagokionez, kokapena eta tamaina bezalako aspektuek balorazio positiboagoak jasotzen dituzten bitartean, prezioa agertzen da elementu kritiko nagusi gisa.

Etxebizitza aldatzeko beharrari dagokionez, arrazoi nagusiak prezioarekin, etxebizitzaren egokitasunarekin eta bizi-zikloaren aldaketekin lotuta daude. Bestalde, emantzipatu gabe dauden pertsonen artean emantzipatzeko gogoa handia dela ikusten da, baina baldintza objektiboek ez dutela aukera hori bermatzen.

Etxebizitzaren arazoaren pertzepzioari dagokionez, hiru elementuk osatzen dute arazoaren nukleo nagusia: prezio altuak, alokairu eskuragarriaren falta eta etxebizitza eskuratzeko zailtasunak.

Gainera, adostasun zabala dago etxebizitzaren arazoak kolektibo guztiei ez diela modu berean eragiten dioen ideiarekin, eta horrek politika publikoetan ikuspegi diferentziala txertatzeko beharra indartzen du.

Azkenik, neurri publikoen inguruko iritzietan ikus daiteke herritarrek esku-hartze publiko sendoagoa babesten dutela. Gehien baloratu diren neurrien artean, alokairu publikoaren edo eskuragarriaren eskaintza handitzea eta etxebizitza hutsak mobilizatzea agertzen dira, eta horien osagarri gisa merkatuaren erregulazioa eta sarbidea errazteko neurriak planteatzen dira. Honen harira, etxebizitza politiketan ikuspegi inklusiboa txertatzea beharrezkoa da azaldu diren beharrei erantzuteko. Hau da, neurriak ez dira modu homogeneoan planteatu behar biztanleria osoarentzat, baizik eta kolektibo bakoitzaren egoera espezifikoa kontuan hartuta diseinatu behar dira.

Udal gobernu taldearen hitzetan: “Emaitza horiek erakusten dute etxebizitza politiketan gogor lan egiten jarraitu behar dela etxebizitza eskuratzeko zailtasunei erantzuteko; bereziki, gazteen artean. Beharrezkoa da alokairuaren eskaintza eskuragarriagoa eta udalerriko errealitate desberdinetara hobeto egokitutako eredu baterantz aurrera egitea”.

Datozen urratsak

Hemendik aurrera, identifikatutako ardatzak garatzeko proposamen zehatzak landuko dira. Udal teknikariekin, udal taldeekin eta herritarrekin saioak egingo dira. Horren ostean, Abadiñoko etxebizitza-mahaia eratzea aurreikusten da, eta foro horren bidez Ekintza Plana zehaztuko da.