Sopelako Udaleko Toki Garapen sailak negozio berriak sortzeko edota tokiko saltokiak hobetzeko jasotako 36 eskaeretatik 32 onartu ditu deialdi honetan. Guztira 57.187,44 euro banatu zituen iaz Sopela Garatu programari esker.
Alde batetik, Sopela Sustatzen, Sopelan merkataritzaren, ostalaritzaren eta enpresaren arloan negozio berriak sortzera bideratuta dauden dirulaguntzetan, 7 eskaeratik 4 onartu dira.
Bestetik, Sopela Berritzen, saltokiak, ostalaritza, enpresa txikiak, mikroenpresak eta autonomoak berritzeko eta haien lehiakortasuna hobetzeko dirulaguntzetan, 28 eskaera onartu dira 29tik.
Zenbatekoa handitu eta oinarriak berrikusi
Oinarriak eguneratu egin dira, eta, horretarako, beste laguntza batzuk hartu dira kontuan, hala nola Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Establezimenduen Modernizazioa programa. Horrez gainera, dirulaguntza udalerriko bestelako sektoreetara egokitu da. Horri esker, dirulaguntzen bigarren lerroaren onuradun izan diren negozioen profila handitu egin da.
Horien artean daude jarduera anitzetako zortzi enpresa, zerbitzu eta merkataritzako zazpi enpresa, zazpi pertsona autonomo, lau saltoki eta ostalaritzako bi establezimendu.
Gainera, 2025ean, ostalaritzako establezimenduen, enpresa txikien, mikroenpresen eta pertsona autonomoen berrikuntza eta lehiakortasuna sustatzera bideratutako lerroak handitu egin du proiektu bakoitzera bideratutako aurrekontu-partida: 2.000 eurotik 3.000 eurora igo da. Horietan izena emateko baldintzak ere malgutu egin dira: bigarren urtetik aurrera negozioan daudenei izena emateko aukera eman die; lehen, hirugarren urtetik aurrera egin ahal izaten zen.
Aurreko deialdiak
2024ko deialdian 3.000 euroko dirulaguntza eman zen 1. lerroan eta 17.157,11 eurokoa 2. lerroan; guztira, 14 eskaera onartu ziren 18 eskaeretatik. 2025ean, eskaerak bikoiztu egin dira, eta dirulaguntza horiei emandako aurrekontua ia hirukoiztu egin da.
Eder Garcia Toki Garapeneko zinegotziaren hitzetan: “Negozio bat sortzea eta mantentzea ez da batere erraza, eta Toki Garapen sailetik Sopelako enpresa sarea laguntzen jarraitzen dugu. Pozten nau deialdian egindako aldaketek fruituak eman dituztela ikusteak: eskaerak bikoiztu egin dira eta emandako zenbatekoak ia hirukoiztu egin dira, ia 60.000 eurora iristeraino. Negozio bat martxan jartzea eta mantentzea gogorra da, eta, horregatik, Udaletik, Sopelako enpresa sarea laguntzen jarraitzen dugu, etengabe berritzen eta hobetzen ari diren bide horretan”.
Hala, erantzuna ematen zaio 2025ean egindako Sopelako Enpresen Diagnostikoan eta Plan Estrategikoan enpresa sektoreak egindako lehen beharrari: laguntza ekonomiko gehiago eta enpresa txikientzako dirulaguntzak.