Martxan Ugao-Miraballesko Sukaldaritza eta Gastronomia Ekitaldiaren bosgarren edizioa
Udalak eta Jon Gil sukaldari ugaotarrak antolatuta, jardunaldia apirilaren 27an, astelehena, egingo da Jane Jauregian, 18:30etatik aurrera
Apirilaren 27an, astelehena, Jane JauregiaUgao-Miraballesko Sukaldaritza eta Gastronomia Ekitaldiaren bosgarren edizioaren egoitza izango da. Ekitaldia arratsaldeko 18:30ean hasiko da, eta bertan elkartuko dira egungo panoramako jatetxe nabarmenetako batzuk.
Ugao-Miraballesko Udalak eta Jon Gil sukaldari ugaotarrak antolatutako ekitaldi honek sukaldaritza produktuari eta sormenari buruzko esperientzia gastronomiko paregabea eskainiko dio publikoari, Mina (Bilbo), Alejandro Serrano (Miranda de Ebro), Kabo (Iruñea), Almazen (Añana) eta Errioguarda (Hernani) bezalako jatetxeen parte-hartzearekin.
Lehen mailako profesionalen eskutik, espazio berean gastronomia garaikidearen ikuspegi ezberdinetara hurbiltzeko aukera ederra izango da.
Parte hartu nahi duten 18 urtetik gorakoek Jane Jauregian eman beharko dute izena martxoaren 27tik apirilaren 17ra bitartean (biak barne), goizeko 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara. Plazak mugatuak dira eta lehentasuna izango dute Ugaon erroldatutakoek. 42 sarrera bikoitz (84 pertsona) zozketatuko dira 22 euroko prezioan. Hautatuak izanez gero, 44 euro ordaindu beharko dira, eta aukeratzen duten pertsonarekin hurbildu.
Ekimen solidarioa
Topaketak bere izaera solidarioa mantenduko du, izan ere, bildutako diru guztia, aurreko edizioetan bezala, kausa sozial batera bideratuko da. Oraingo honetan, Udane Eiros Garcíari emango zaio laguntza, jaio zenetik garuneko lesio baten eta gaixotasun arraro baten ondorioz zailtasun handiak dituen neskatoari. Udaneren egunerokoa osasun-azterketek eta ahalegin pertsonal eta familiar handiak markatzen dute.
Udalak ekitaldiaren izaera komunitarioa eta gizarte-sentsibilizazioarekiko konpromisoa indartu nahi ditu, beste behin ere Ugao-Miraballesko herritarren elkartasun senari deituz. “Goi mailako gastronomia herritarrengana hurbiltzen jarraitzen dugu, formatu hurbil eta kalitatezko batean”, adierazi du Jon Gilek, ekimenaren sustatzaileak.
Bestalde, Ekaitz Mentxaka alkateak azpimarratu du ekitaldi honek Ugao-Miraballesek kulturarekiko, gure produktuarekiko eta elkartasunarekiko duen konpromisoa islatzen duela. “Topaketa honek sukaldaritza, kultura eta elkartasuna uztartzen ditu. Goi mailako gastronomiaz gozatzeko aukera ematen digu, eta, aldi berean, oso berezia den kausa solidario bati laguntzeko aukera, Ugao-Miraballesen izaera konprometitu eta komunitarioa indartuz. Gure herriak beti erantzuten du, eta ziur nago oraingoan ere hala izango dela”.