Harrera bikaina izan du tokiko ostalaritza sustatzea helburu zuen Jango Dot gastronomia lehiaketak. Iraun duen lau egunetan 8.000 pintxo baino gehiago saldu dituzte parte-hartzaileek. Hala, Abadiñoko Udalak asteazkenean eguerdian banatu zituen lehiaketaren sariak.

Parte hartu duten hamar tabernen artetik, Muntsaratzeko Imine Taberna nagusit​u da aurten: epaimahai profesionalaren eta herri bozketaren sariak eskuratu ditu. Txipitxerri pintxoa aukeratu zuten lehiarako: txipiroia txerri masailez betea, ogi oinarriarekin, baratxuri gurinarekin eta pikillo kremarekin.

Mikel Urrutia Abadiñoko alkatearen eta Edurne Maguregi alkateordearen eskutik jaso zituen sariak Evak, Imine tabernako arduradunak. "Oso pozik gaude, lau hilabete daramatzagu lan handia egiten. Sari honek balio handia du guretzat”, adierazi dute Evak eta Rubenek, hunkituta. Gaineratu dute ostiral eta larunbat gauetan aterako dutela pintxoa aurrerantzean.

Janto Dot pintxo lehiaketaren kartela. A. U.

Sariak

Herri bozketan, 150 boto zenbatu dira guztira. Hurrenez hurren, honela geratu da sailkapena: Imine Taberna (43 boto), Udalaitz (28 boto) eta La Mari (19 boto).

Epaimahai profesionalari dagokionez, Jesus Portugal de Lobiano eta Zigor Iturrieta izan dira epaileak. Honela geratu da sailkapena: Imine taberna (1. postua), Taberna Zarra (2. postua) eta Udalaitz (3. postua).

Zozketan, Traña-Matienako Tomas Etxebarria izan da Baqueren Nespresso kafe makinaren eta kapsulen irabazlea. Jango DOTeko antolatzaileak lehiaketaren hurrengo edizioan ari dira lanean dagoeneko, eta orain Durangora itzuliko dira, martxoaren 26tik 29ra.