'A ze marroia' ekimena Galdakaora helduko da
Galdakaoko edukiontzi marroiak berritu eta kopurua handituko du Udalak; aurreikusitako aldaketak ezagutaraziko dira ekitaldian
Datorren ostiralean, martxoaren 6an, Galdakaoko Lehendakari Agirre plazak birziklatzeari buruzko informazio eta sentsibilizazio saio bat jasoko du 11:00etatik 18:00etara bitartean. Bertan, hainbat dinamika parte hartzaile eta lehiaketa egingo dira, edukiontzi marroiaren erabilera handitzeko herritarren konpromisoa indartu eta herrian edukiontzi marroiaren erabilera handitzeko helburuarekin. Ekimena Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako 'A ze marroia' izeneko kanpainaren barruan egingo da.
‘A ze marroia’ ekimena herritarrei bilketa sistema hau ohiko moduan erabil dezaten laguntzeko jarduera praktiko, ikusgarri eta hurbil gisa diseinatu da. Horregatik, jardunaldian argi azalduko da zer hondakin bota behar diren edukiontzi marroira, zergatik erabili behar diren poltsa konpostagarriak eta zein garrantzi duen materia organikoa ondo bereizteak, ingurumenaren zein ekonomiaren ikuspegitik.
Halaber, edukiontzien identifikazio eta itxiera sistemari buruzko informazioa emango da, eta interesa duten pertsonek aurrerantzean alta emateko jarraitu beharko dituzten urratsak ere azalduko dira.
Edukiontzi berriak
Kanpaina hau Galdakaon edukiontzi marroiak berritu eta ugaritzeko prozesuarekin bat dator; lan horiek martxoaren amaierarako bukatzea aurreikusten da, eta irisgarritasuna hobetu eta bilketa bereizia indartzea ahalbidetuko dute. Edukiontzi berriak ezartzearekin batera, orain arte erabilitako txartelak baliogabe geratuko dira, eta berritu egin beharko dira. Udalak ESAN herritarren arreta bulegoaren bidez alta emateko prozeduraren azalduko du.
Ildo horretan, martxoaren 6ko jardunaldia aukera egokia izango da zalantzak argitzeko, aurreikusitako aldaketak bertatik bertara ezagutzeko eta Galdakaon hondakinen kudeaketa jasangarriago baten aldeko konpromiso kolektiboa indartzeko.
Udalak herritarrei bertaratzeko, informatzeko eta hondakin organikoen bilketa bereizira batzeko deia egiten die, Galdakao jasangarriago baten alde aurrera egiteko funtsezko urratsa baita.