Síguenos en redes sociales:

Gurasoentzako prestakuntza-saioak antolatu dituzte Lea-Artibain

‘Seme-alaben autoestimua elikatzeko gakoak’ izeneko saioak 0 eta 18 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoei zuzenduta daude

Gurasoentzako prestakuntza-saioak antolatu dituzte Lea-ArtibainLea-Artibai Mankomunitatea

Lea-Artibaiko Mankomunitateak gurasoentzako prestakuntza-saioak antolatu ditu datozen hilabeteetarako, Izana Talentu Bide proiektuaren eskutik, ‘Seme-alaben autoestimua elikatzeko gakoak’ izenburupean. Hitzaldi horiek otsaila eta maiatza bitartean izango dira, eta 0 eta 18 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoei zuzenduta daude bereziki, baina herritar guztientzat zabalik egongo dira. Emanaldiak doakoak izango dira, euskaraz emango dira eta 17.00etatik 19.00etara egingo dira herriz herri.

Antolatzaileek azaldu dutenez, saioen abiapuntua gurasoek seme-alaben ongizateaz duten kezka eta laguntzeko nahia izango da. Eguneroko egoeretatik eta bizipenetatik abiatuta, beste begirada bat proposatuko zaie parte-hartzaileei: seme-alaben gaitasunak eta indarguneak identifikatzea, haien autoestimua eta autokonfiantza sendotzeko oinarri gisa. Helburua familiei hezkuntzan eta etxeko harremanetan eragin positiboa izateko tresna praktikoak eskaintzea da.

Horrela, DBHko gurasoei zuzendutako saioak honako herri hauetan egingo dira: otsailaren 24an, Ondarroan, Kofradi Zaharrean; martxoaren 3an, Markina-Xemeinen, Lea-Artibaiko Mankomunitatean; martxoaren 10ean, Lekeition, Azkue aretoan; maiatzaren 5ean, Ziortza-Bolibarren, Udal Batzar Aretoan; maiatzaren 12an, Etxebarrian, Kultura aretoan; maiatzaren 19an, Berriatuan, Bideo aretoan; eta maiatzaren 26an, Ispasterren, Iñigo Egiluz Udal Aretoan.

Lehen Hezkuntzako gurasoentzako ere saio bereziak ere antolatu dira. Otsailaren 26an Lekeition egongo dira, martxoaren 5ean Ondarroan, martxoaren 12an Markina-Xemeinen, maiatzaren 7an Ispasterren, maiatzaren 14an Ziortza-Bolibarren eta maiatzaren 21ean Etxebarrian, kasu guztietan lehen aipatutako aretoetan eta ordutegi berean.

Izena eman beharko da kartelean dagoen QRaren eta esteka honen bidez.