Bizkaiko Foru Aldundiak 3.489.150 euroko aurrekontua bideratuko du 2026an hainbat gizarte- eta lurralde-eremuetan euskararen erabilera eta normalizazioa sustatuko duten dirulaguntzak martxan jartzeko. Onartu berri dira oinarri arautzaileak eta deialdiak.

Bost laguntza-ildo horiek honako eremu hauetan eragin nahi dute:

  • Lan-esparrua: 270.000 euro erabiliko dira merkataritza-sozietateentzat, kooperatibentzat, banakako enpresaburuentzat eta lan-eremuan euskararen erabilera sustatzen duten profesionalentzat. Laguntzek hizkuntza sustatzeko planak eta lantokietan euskarazko prestakuntza-moduluak finantzatzeko. Eskabideak aurkezteko epea 2026ko urtarrilaren 12tik martxoaren 16ra izango da, 13:30ean.
  • Sustapena, hedapena eta normalizazioa: 1.700.000 euro bideratuko dira euskara sustatzeko, zabaltzeko edo normalizatzeko proiektuetara, toki-, eskualde- eta lurralde-mailan. Partida hau bi deialditan banatzen da: bat irabazi-asmorik gabeko pertsona juridikoentzat eta bestea Udalentzat, udal-erakundeentzat eta mankomunitateentzat. Eskaerak egiteko epea 2026ko urtarrilaren 12tik otsailaren 9ra izango da, 13:30ean.
  • Presentzia digitala: Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak aprobetxatzeko, 200.000 euro erabiliko dira ingurune digitalean euskararen presentzia bultzatzen duten proiektuetarako. Laguntza horiek eskatu ahal izango dituzte merkataritza-sozietateek, kooperatibek, irabazi-asmorik gabeko pertsona juridiko pribatuek, banakako enpresaburuek eta lurraldeko profesionalek. Epea 2026ko urtarrilaren 12tik otsailaren 9ra izango da, 13:30ean.
  • Euskarazko komunikazio proiektuak: 1.319.150 euro erabiliko dira euskara hutsez egindako komunikazio proiektuak sustatzeko, herri, eskualde edo lurralde mailakoak. Eskabideak aurkezteko epea 2026ko urtarrilaren 12tik otsailaren 9ra izango da, 13:30ean.

Hizkuntza-normalizazioarekiko konpromisoa

Bizkaiko Foru Aldundiak euskararen aldeko apustua berretsi du, euskara funtsezko hizkuntza baita lurraldeko bizitza sozial, ekonomiko, kultural eta digitalean. Laguntza horiei esker, euskarak funtsezko sektoreetan duen presentzia sustatuko da, eta Bizkaian euskara hizkuntza bizia eta egunerokoa izan dadin sendotzen lagunduko da.