Bizkaiko Foru Aldundiak azken gobernu kontseiluan foru dirulaguntzen deialdia onartu du, 2026an Bizkaiko Lurralde Historikotik kanpo egindako proiektu eta jarduerak finantzatzeko, kirolaren, kulturaren edo euskararen normalizazioaren arloan, lurraldea nazioartean ikusgai jarriko baitute.

Foru Erakundeak 300.000 euroko aurrekontua esleitu du ekimen horiek babes daitezen, Bizkaian kalitatezko kultura-eskaintza sustatzeko, lurraldeko kultura-eragileei lagunduko dieten estrategiak bultzatzeko eta eremu horretan Bizkaiarentzat interes berezia duten proiektuei babes ekonomikoa emateko.

Diruz lagun daitezkeen ekitaldien artean, honako hauek daude: ekitaldi edo ikuskizun artistiko edo kulturalak, jaialdiak, erakusketak eta diziplina anitzeko beste jarduera batzuk; ondare immaterialari buruzko proiektuak; bitartekaritza artistiko eta kulturaleko jarduerak, teknologia berrien erabilera barne; euskararen normalizazioa sustatu eta bultzatuko duten jarduerak; eta kirol-arloko ekitaldiak/jarduerak.

Eskaera egiteko epea eta prozesua 

Eskabideak Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez egin ahal izango dira, 2026ko urtarrilaren 12tik martxoaren 12ra (biak barne), esteka honetan. Aurkeztutako proiektuak 2026ko ekitaldian garatu behar izango dira.

Onuradun izan daitezke sozietate anonimoak, kooperatiba-sozietateak, erantzukizun mugatuko sozietateak eta sozietate zibilak, enpresa- edo lanbide-jarduerak egiten dituzten pertsona fisikoak, bai eta irabazi-asmorik gabeko elkarteak ere.