Harrera bikaina izan du aurten Getxoko Udalak martxan jarritako 'Lonjak Piztu' izeneko programak. Ekimenak 37.200 euroko aurrekontua bideratu du udalerriko zazpi ekimen ekintzaile laguntzeko, beren lokalaren alokairuaren gastuen zati bat ordaintzeko, negozioaren jardueraren lehen urtean.
'Lonjak Piztu 2025-2026' programaren lehen deialdiaren ebazpena da, Sustapen Ekonomikoko arloak udalerrian hutsik dauden merkataritza lokalen okupazioa sustatzeko abian jarritakoa. Programa honen helburu nagusia da Getxoko hiru gune nagusietako (Areeta, Romo eta Algorta) merkataritza-ardatzen ondoko kaleak biziberritzea.
Diruz lagundutako negozioak hauek izan dira: Nella Estetika (Estetika aretoa), Adi! Espacio (arkitektura eta diseinu proiektuak) eta Bibarre (Barre, yoga, pilates eta entrenamendu funtzionala), Algortan. La Pimienta Dorada (solteko elikagaiak), Garbiprest (garbiketa zerbitzuak) eta Bam-Bam (zeramika estudio-tailerra), Areetan; eta Irie Pilates (gimnasioa eta entrenamendu funtzionala), Romon.
“Lonjak Piztu 2025-2026” programak lokalaren hileko alokairuaren %50 diruz laguntzen du –gehienez 400 euro–, eta, gehienez, 12 hilabetez; eta beste 150 euro gehiago hilean, baldintza hauetakoren bat betetzen bada: gaztea izatea, jarduera sustapen ekonomikoak bultzatu eta garatzen dituen esparru estrategikoetara bideratuta egotea, edo ekimena emakumeek bultzatzen badute. Horretarako, beste baldintza batzuen artean, lokalak udalerriko kale jakin batzuetan egon behar du, eta jarduera 2025eko azaroaren 15aren ondoren hasi behar izan du.
Udalak 100.000 euro bideratuko ditu berriro ekimen horretarako 2026an, “lokalen itxierak hirian dituen ondorioei aurre egiteko, itxiera horiek jarduera ekonomikoa murrizten baitute eta abandonu sentsazioa sortzen baitute; beraz, berriz irekitzea edo berrerabiltzea funtsezkoa da kaleak biziberritzeko eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko”, Juanma Gonzalez Sustapen Ekonomikoko zinegotziak adierazi duenez.
Eskaera bigarren deialdian egiteko epea 2026ko urtarrilaren 1etik apirilaren 30era arte egongo da zabalik.