Getxoko Udalak 13.000 euroko aurrekontua bideratuko du txirrindularien eta oinezkoen arteko elkarbizitza sustatzeko kontzientziazio-kanpaina bat martxan jartzeko. Horrekin, herritarrek 2025eko Aurrekontu Parte hartzaileetan egindako eskaeretako bati erantzungo dio Udalak.

Keltse Eiguren Herritarren Segurtasuneko zinegotziak adierazi duenez, “gero eta pertsona gehiagok eragiten diete pedalei kale, parke eta pasealekuetan, espazioa partekatuz oinezkoekin eta ibilgailuekin. Bizikidetza hori segurua eta errespetuzkoa izan dadin, oinarrizko arauak gogorarazi eta praktikan jartzera animatu behar dugu: abiadura errespetatzea, zebra-bideak oinez gurutzatzea, espaloietan ez zirkulatzea eta inguruan arreta mantentzea pedalei eragiten zaien bitartean entzungailuak saihestuz, etab. Kanpaina hau kultur aldaketa horretan laguntzeko sortu da: Getxok mugikortasun jasangarrirantz aurrera egiten jarrai dezan laguntzea, inoren segurtasunari uko egin gabe. Pedalei arduraz eragitea ere bizikletan ibiltzen jakitearen parte da”.

Kanpaina

Bi pertsonaia alai, txakur bat eta kateme bat, dira kanpainaren protagonistak, eta herritarrei galdetuko zaie ea benetan dakiten zer esan nahi duen hirian bizikletak erabiltzeak: ezarritako abiadura muga errespetatzen duten, oinezkoen eremuak oinez gurutzatzen dituzten, pedalei eragiten dieten bitartean aurikularrak erabiltzen dituzten...

Horretarako, material grafikoa jarriko da autobus-geltoki batzuetako markesinetan, eta, sare sozialetan, dibulgazio bideoak zabalduko dira eta online esperientzia parte hartzailea proposatuko da, bizikletako prakti-ka onei buruzko jolasa, herritarrak erakartzeko, erronka egiteko eta hezteko pentsatua. Autodiagnosira, ikaskuntzara eta, batez ere, esperientzia sareetan partekatzera gonbidatzen duen formatua da. Halaber, egungo araudia kontsultatzeko aukera emango du, ezagutza indartzeko eta Getxon bizikleten edozein erabiltzailerentzat kontsulta azkarreko gida eskaintzeko.