Oso gutxi falta da Gabonetarako, eta herritarren solidaritateari dei egin dio Abadiñoko Udalak udalerriko familia zaurgarrienei laguntzeko. Hala, Udalak indarrak batu ditu herriko ikastetxeekin eta Sormening enpresarekin elikagai ez galkorrak eta higiene produktuak biltzeko kanpaina bat abiarazteko. Kolaboratu nahi dutenek abenduaren 3an eta 4an egin ahal izango dute.

Dohaintzak Zelaietako Eskola Publikoan, Traña-Matienako Bigarren Hezkuntzako Institutuan, Traña-Matienako Eskola Publikoan, Traña-Matienako eta Zelaietako Haurreskoletan eta Traña-Matienako BM supermerkatuan egin ahal izango dira. Azken horretan, gainera, bilketa berezia egingo dute boluntarioen parte-hartzearekin.

Arrazoi desberdinak direla medio, azken hilabeteetan, nabarmen murriztu dira Elikagaien Bankuari egindako ekarpenak, eta, horrek, eragin zuzena izan du laguntza behar duten familia guztiei arreta emateko garaian. Horregatik, Udalak, herritarrei dei egiten die, ahal duten neurrian, elkartasun kanpaina honekin bat egin dezaten.

Produktu beharrezkoenen artean, elikagai ez galkorrak daude (olioa, azukrea, irina, kafea, kakaoa, tomate frijitua, atuna, etab.), baita higiene pertsonaleko eta lehen mailako higiene-gaiak ere (bainurako gela, xanpua, konpresak, hortzetako pasta, pixoihalak eta garbiketa-produktuak, besteak beste).

Edurne Maguregi Gizarte Ongizateko zinegotziaren hitzetan: "Dohaintza bakoitza, txikia izanda ere, besarkada solidario bat da Abadiñoko beste familia batentzat. Elikagaien Bankuari egindako ekarpenek behera egin duten honetan, keinu kolektibo horrek are balio handiagoa hartzen du. Elkartasuna da gure udalerriaren ezaugarrietako bat, eta, beste behin, gure komunitateak elkar zaintzeko eta inor atzean ez uzteko duen gaitasunean konfiantza dugu”.