La Navaleko lurrak dituen ia 300.000 metro koadroko azalera berrindustrializatzea izango da Sestaoko Udalaren hurrenogo erronka. Horrela onartu dute astearte honetan ospatutako azaroko ohiko osoko bilkuran. Hiru urteko izapide administratiboen ondoren, aurreikusten da 2026aren hasieran ekitea lanei.

Osoko bilkuraren ostean, alkatea pozik agertu da puntu honen onarpenagatik, ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko proiektu estrategiko baten oinarriak ezartzen dituelako. "Sestaoren etorkizunerako ez ezik, Ezkerraldearen eta Bizkaiko Lurralde Historikoaren etorkizunerako ere egun historiko baten aurrean gaude; izan ere, proiektu hau hain da garrantzitsua eta hain handia, non gure herriko mugak gainditzen dituen", adierazi du Gorka Alvarezek.

La Navaleko Hiri Antolamenduko Plan Berezia behin betiko onartzeak desblokeatu egiten du obra-lizentzien esleipena. Ondo bidean, aurreikusita dago VGP enpresa paneuroparrak, kalitate handiko higiezin logistiko eta erdiindustrialen jabe, kudeatzaile eta sustatzaileak, bere planaren lehen jarduketak 2026. urtearen hasieran hastea.

Gorka Álvarezek azaldu duenez, lehenengo fasean planifikatuta dago balio historiko eta kulturala dutelako Eusko Jaurlaritzak babestu dituen eraikinak birgaitzea. Aurrerago, bigarren eta hirugarren fase batean, eraikin berriak urbanizatzeko eta eraikitzeko lanei ekingo zaie. Horretarako, VGPk dagoeneko Hirigintza arloari aurkeztu dizkio birpartzelazio- eta urbanizazio-proiektuak, Udalak onar ditzan.

La Navaleko Hiri Antolamenduko Plan Bereziak hainbat jarduketa aurreikusten ditu, hala nola La Naval kalea bikoiztea, etorkizunean noranzko bakoitzeko bi errei izan ditzan, eta 13.300 metro koadroko erabilera publikoko plaza bat sortzea. Gainera, babestutako eraikin historikoak dituen 30.000 metro koadroko azalera birgaituko da, eta 98.000 metro koadro bideratuko dira industria-nabe berriak eraikitzeko.

Alkateak aurreratu duenez, La Navaleko lursailetan garatuko den jarduera ekonomikoa nagusiki industriala izango da, oso alderdi garrantzitsua, "hemen, Sestaon, azaleraz Bizkaiko industrialde handiena izango dena finkatzeko aukera emango digulako, La Benedicta dartsenaren eta Galindo ibaiaren bokalearen arteko eremu osoa hartuko baitu".

Erreferentziazko proiektu logistiko industrial baten alde VGPk egin duen apustuaren oinarria izango da, industrialdearen kokapen estrategikoa kontuan hartuta, maila goreneko enpresa-parke jasangarri eta energetikoki eraginkorrak eraiki eta alokatzea.