Oso gutxi falta da Gabonetarako, eta hori dela eta datorren asteazkenean eta ostegunean, hau da, azaroaren 26an eta 27an, jostailuen bilketa solidarioa egingo da Abadiñoko hainbat ikastetxetan. Konkretuki Traña-Matienako eta Zelaietako eskoletan eta haurreskoletan eta Traña-Matienako Bigarren Hezkuntzako Institutuan jasoko dira jostailuak.
Udalak familia guztiak bultzatu nahi ditu egoera onean dauden jostailuak eramatera, herriko beste haur batzuek egun berezi horietan jostailuez gozatzeko aukera izan dezaten. Bildutako jostailu guztiak Elikagaien Bankuko erabiltzaileentzat eta egoera zaurgarrian dauden pertsonentzat izango dira, haur bakar bat ere ez dadin ilusiorik gabe geratu.
Kanpaina hau Sormeningek garatutako Adarrak Sustar belaunaldiarteko programaren barruan kokatzen da. Programa horren bitartez, institutuko gazteek eta adineko boluntarioek kartelen diseinuan, zabalkundean, antolaketan eta bilketan lagunduko dute. Partekatutako lan horrek, erantzunkidetasun komunitarioa indartzen du, eta elkartasuna, bizikidetza eta elkarlaguntza bezalako balioak transmititzen ditu.
Irribarre bakoitzak garrantzia duela azpimarratu du Udalak, eta nabarmendu du familien elkartasuna ezinbestekoa dela ekimen hau gehien behar dutenengana iristeko, haurrei partekatzeak duen garrantzia irakasteaz gain.
Bestalde, abenduaren 3an eta 4an elikagaiak biltzeko kanpaina egingo da Abadiñon. Udalak laster iragarriko ditu kanpaina horren inguruko xehetasunak. Gizarte Ongizate Sailetik, eskerrak eman nahi dizkie inplikatutako erakunde guztiei — ikastetxeak, Sormening, parte hartu duten gazteak, adineko boluntarioak eta familiak —, kanpaina solidario hau posible egiteko erakutsi duten konpromisoagatik, dedikazioagatik eta lankidetzagatik.