Abadiñoko Udalak ekainean martxan jarri Traña-Matienako aparkaleku sistema berriaren sistema behin betiko mantenduko du, proba pilotuaren emaitzak aztertu ostean. Lortutako emaitzez gain, bi udal batzorde egin dira, merkataritza-sektorearekin bilerak egin dira eta herritarrekin bilera ireki bat egin da, emaitzak partekatzeko eta auzokideen ekarpenak jaso ahal izateko.

Egoiliarrentzako aparkaleku aukerak hobetzea zen proba pilotuaren helburua, eta, aldi berean, tokiko merkataritzaren jarduera sustatzea. Orokorrean, positiboki baloratu da proba pilotua. Datuek erakusten dute okupazio maila handia dagoela egoiliarrentzako guneetan, bereziki arratsaldez, eta TAO urdineko gunearen erabilera egokia dela. Hala ere, emaitzek iradokitzen dute aldaketak egin behar direla TAO berdea optimizatzeko. Datuen arabera, ibilgailuen % 70-80 garajerik ez duten Traña-Matienako pertsonenak dira, eta % 5-10 Traña-Matienakoak dira, baina garajea dutenak, horiek eguerdian aparkatzen dute batez ere. Abadiñoko beste auzo batzuetako ibilgailuak % 10 inguru dira, eta udalerritik kanpokoak, berriz, % 5 baino gutxiago.

Emaitzak eskuan, Udalak aldaketa batzuk egingo ditu sistemaren funtzionamendua hobetzeko. Trañaetxosteko TAO gune berdeko aparkalekuen erabilera optimizatzeko, egoiliarrak diren ibilgailuek mugarik gabe aparkatu ahal izango dute 13:30etik aurrera. Era berean, Abadiñon matrikulatutako ibilgailu guztiak egoiliarrentzako guneetan aparkatzea ahalbidetzen zuen behin-behineko neurria behin-betiko izatera igaroko da. Hau da, aurrerantzean, Abadiñon matrikulatutako ibilgailu guztiek aparkatu ahal izango dute egoiliarrentzako aparkalekuetan. Horrez gainera, derrigorrezkoa izango da pegatina ibilgailuko ageriko leku batean eramatea, sistemaren jarraipena errazteko.

Udal gobernu taldeak adierazi duenez, “probaldiak Traña-Matienako aparkaleku sistema definitzeko eta bere funtzionamendua doitzeko balio izan du, herritarren esperientziak eta euren parte-hartzea oinarri hartuta. Egindako inkestaren arabera, iritzia eman zutenen artean, % 60,3k uste du hartutako neurriak egokiak edo oso egokiak direla, eta % 23,8k, aldiz, desegokiak edo oso desegokiak”.

Udalak herritarrei eta merkataritza-sektoreari eman nahi dizkie eskerrak, sistema hau diseinatzeko eta ebaluatzeko prozesuan laguntzeagatik eta parte hartzeagatik. Hobekuntza horien bidez, Udalak mugikortasuna hobetuko duen eta auzoko jarduera dinamizatzen lagunduko duen aparkaleku-eredu bat sendotu nahi da.

Herritarren ekarpenak kontuan hartuta, Udalak azterketa sakon bat egingo du TAO gune berdeko eremuan hartutako neurrien eraginkortasuna aztertzeko, eta Laubideta inguruan aparkaleku gehiago jartzeko aukera aztertuko du.

Konponbide integrala

Udal gobernu taldea jakitun da sistema honek auzoko aparkalekuak optimizatzen dituela, baina, horrez gainera, 100 plaza baino gehiago izango dituen aparkaleku berri bat sortzeko lanketa egiten ari da. Proiektua diseinatuta dago dagoeneko, eta behar diren lur-arloak eskuratzeko kudeaketa-lanak egiten dabiltza.