Asteazken honetan goizean, urriaren 29an, urriko osoko bilkura ospatu egin du Sestaoko Udalak. Bertan, datorren ekitaldirako ordenantza fiskalak onartu dituzte, % 2,7ko eguneratzearekin; hau da, Bizkaiko abuztuko KPIaren baliokidea, udal zerbitzu publikoen kalitateari eusteko eta jasangarritasun ekonomikoa bermatzeko.

Ogasun eta Ondare zinegotzi David Sanchez Marotok azaldu duenez, "eguneratze horrek Udalari aukera ematen dio hornidurek, udal-zerbitzuen kontratuek eta soldata publikoek eragindako kostuen igoera orokorrari aurre egiteko, finantza-egonkortasuna arriskuan jarri gabe eta herritarrek jasotzen dituzten zerbitzuen kalitateari eutsiz".

Nolanahi ere, David Sanchez Marotok argitu du tasen, zergen eta prezio publikoen eguneratzea ez dela berdina izango zerbitzu guztietan, salbuespen batzuk jasoko baitira.

Kirol arloko prezioak izoztuta

Sestao Kirolaken tarifak, adibidez, izoztuta mantenduko dira datorren urtean, bai abonamenduetan bai jardueretan. "Izan ere, eskualdean izaera pribatuko kirol-espazio berriak ireki dira, prezioaren eta ekipamenduaren aldetik, udal-kiroldegiei lehia gogorra egiten dietenak; horregatik, tarifa berak mantentzea erabaki dugu, herritarren artean kirola sustatzen jarraitzeko", adierazi du zinegotziak.

Aurrerapenak Europako araudia betetzeko bidean

Zaborren tasan, Sestaok pixkanaka aurrera egiten jarraituko du, zerbitzuaren kostuaren % 100 estaltzea eskatzen duen Europako Zuzentaraua betetzeko. 2026an % 35eko igoera aplikatuko da, hau da, 8 euro gehiago hiruhileko eta etxebizitza bakoitzeko, baina oraindik ere alde handia egongo da benetako kostuarekin. "Beste udalerri batzuek kolpe batez egin dute igoera; Sestaon progresibitatearen eta erantzukizunaren aldeko apustua egin dugu, familientzat gogorra izan litekeen bat-bateko neurririk hartu gabe", gaineratu du Sanchez Marotok.

Neurri sozialak eta pizgarri ekonomikoak

Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ) etxebizitza hutsei % 150eko errekargua ezarri zaie, etxebizitza alokairuaren merkatura mugiarazteko eta eskaintzarik eza arintzen laguntzeko. Horri dagokionez, neurri horrekin batera, etxebizitza hutsen jabeei zuzendutako informazio-kanpaina bat egingo du Udalak, errekarguaren xehetasunak azaldu eta Eusko Jaurlaritzak kudeatzen dituen alokairu-programa publikoekin bat egitera gonbidatzeko.

Era berean, eta Hirukide Euskadiko Familia Ugarien Federazioarekin egindako lankidetzaren ondorioz, hobari espezifikoak txertatu dira familia ugarientzat, guraso bakarreko familientzat, eta DSBE edo BGD jasotzen dutenentzat.

Enpresa-eremuan, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan (JEZ), % 50erainoko hobariak aplikatuko zaizkie udalerrian enplegua sortzen duten enpresei, Sestaok tokiko ekonomia suspertzeko duen konpromisoa indartzeko.

Hezkuntza eta zerbitzu berriak

Bestalde, 60 euroko prezio publikoa ezarri da euskaltegiko irakasleekin euskara-eskolak jasoko dituzten Helduen Eskolako ikasleentzat. Gainera, ikasleek % 50eko hobaria jaso ahal izango dute bertaratze egokia izanez gero.

Azkenik, datorren ekitaldiko berrikuntzen artean, udal-tasa berria egongo da, 75 eurokoa, Udalak egindako ezkontza zibilengatik. Horri dagokionez, David Sánchez Marotok adierazi du kopuru ekonomiko hori sinbolikoa dela, notarioak kobratzen ari diren prezioa baino dezente txikiagoa, eta gogorarazi du bikote batek udaletxean ezkontzea erabakitzen duenean "estali beharreko gastu batzuk sortzen dituela, langile batzuek espedienteak sortzen baitituzte; eta gainera, ezkontza-egunetan, normalean larunbatetan, polizia batek ireki behar du eraikina, eta garbiketako langileek ere zeregina izaten dute osoko bilkuren aretoa eta udaletxeko hall-a behar bezala uzteko".​