Bizkaiko Foru Aldundiak, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailaren bidez, Baso Zerbitzuko teknikarientzako prestakuntza-jardunaldi bat egin du. Jarduera INFOBI planaren barruan sartzen da, eta Bizkaiko Lurralde Historikoko lotura-eremuetako baso-suteak itzaltzeko lanen zuzendaritzaz aritu dira (basoa edo landaretza eta jendea bizi den eremuak edo giza azpiegiturak elkar ukitzen dauden eremuei eragiten dieten suteak dira lotura-eremuetakoak).

Ikastaroa Derioko Nekazaritza Eskolako ekitaldi-aretoan egin da.

Bertan, hiriaren eta basoaren arteko lotura-eremuei eragiten dieten suteetan esku hartzeko protokoloak eta segurtasun-protokoloak aztertu dira, bai eta larrialdi-mota hori gertatzen denean beharrezkoak diren kontsiderazio estrategiko eta taktikoak ere.

Kataluniako Bombers GRAF taldeko langile espezializatuek eman dute prestakuntza, edizio honetan Bizkaiko INFOBI dispositiboarekin lankidetzan arituko baitira.

Bizkaiko Foru Aldundiak, urtero, eguneratze teknikoko programa bat bultzatzen du, baso-suteak prebenitzeko eta itzaltzeko Baso Zerbitzuko langileen gaitasun operatiboa indartzeko, eta ikastaroa programa horren parte da. Prestakuntza-jardunaldi horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak berretsi egiten du INFOBIn jasotako konpromiso hau: bere esku-hartze taldeen etengabeko prestakuntza eta haien fidagarritasunaren hobekuntza sustatzea, baso-suteek ekarritako erronkei aurre egiteko.

INFOBI

Baso-suteetarako larrialdi-planak (INFOBI) ia 600 pertsonez osaturiko lantaldea koordinatzen du, barnean harturik Baso Zerbitzuko teknikariak eta baso-agenteak, Basalan enpresa publikoko langileak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzukoak. INFOBIn ezartzen da zer antolaketa-egitura eta prozedura jarraitu behar diren baso-suteetan, kasuan-kasuan gerta litezkeen arrisku-egoerak kontuan harturik. Horrez gainera, arreta berezia jartzen du prebentzio-neurrietan eta basoen zuhaitz-masen kudeaketa jasangarrian.

Planaren helburuetariko bat da baso-suteen arriskuen analisia egitea, eta, horretarako, hainbat faktore hartzen dira kontuan, hala nola erliebea, landaredia, klima-baldintza kaltegarriak, urtarokotasuna eta gizakiek mendietan egiten dituzten jarduerak. Horrekin batera, baso-sute gehien gertatzen diren eremuak eta garaiak zehazten dira, prebentzio-neurri egokiak diseinatzeko. Larrialdi-planak, era berean, koordinazio-mekanismo batzuk ezartzen ditu, halako larrialdi egoeretan Eusko Jaurlaritzarekin eta beste lurralde batzuekin batera jarduteko.