Astearte honetan goizean, Jesica Ruiz Jaietako zinegotziak eta Josune Escota Segurtasun zinegotziak prentsaurreko bat eskaini dute amaitu berri diren Durangoko San Fausto jaien balantzea egiteko. Datorren asteburuan hainbat ekitaldi izango diren arren, balantze "oso positiboa" egin dute.

“Jaiak jai giro inklusibo eta seguruan ospatu dira, eta harrera bikaina izan dute udalerriko auzo guztietan antolatutako kultura, kirol eta musika jarduerek”, nabarmendu dute.

Lehenengo asteburuan, Txupinazoak 6.300 pertsona bildu zituen Udaletxeko Plazan, eta urriaren 12an egindako Txupinazo Txikiak 3.000 lagun inguru. Jaietan zehar, kontzertuak izan dira erakargarritasun nagusietako bat. Aipagarrienen artean daude Gatiburena, marka hautsi zuen 9.500 lagun batuz, Bulegorenak 7.500, eta Sukena, DJ Kene eta Kaparraken emanaldiak 6.000 pertsona inguruk jarraitu zituzten. Halaber, Alaska on Tour ikuskizunak 3.000 lagun bildu zituen, eta Sergio Torrado eta Gorka Pérez artista durangarrek 1.500 ikusle izan zituzten.

Aurtengo egitaraua oso anitza izan da, eta jarduera berritzaileek harrera bikaina izan dute, bestea beste, Txiki Rock, Cinema Paradise edo Pakipaya zirku ikuskizuna, ohiko ekitaldi herrikoiekin batera. Auzoen inplikazioa ere nabarmena izan da: kalejirak, erromeriak, bertako abesbatzak eta L’Atelier Dantza Eskola, Astarloa Otxotea, Josepa Kalez Kale eta Egundo I Taldea bezalako taldeek parte hartu dute.

Gastronomiari dagokionez, patata tortilla txapelketak 700 pertsona inguru bildu zituen, eta Sukalki txapelketarekin batera, jaietako ekitaldi gastronomiko nabarmenetakoa izan da. Kirol jardueren artean, bigarren asteburuan Herri Kirolak ospatu ziren Ezkurdi plazan, zesta puntako 40. txapelketa, 71 bikotek parte hartu zuten padel txapelketa, eta xake, arku tiro, skate eta freestyle erakustaldiak ere izan ziren, guztiak ere jende ugaria erakarri zutenak.

Segurtasun aldetik, San Fausto jaiak gorabehera larririk gabe igaro dira, eta jai-giro segurua izan da. Durangoko Udaltzaingoak zaintza etengabea egin du, eta guztira 10 salaketa administratibo izapidetu dira batez ere bide publikoan izandako desordenengatik, alkoholaren kontsumoagatik, dokumentazio faltagatik eta objektu arriskutsuak eramateagatik. Bestalde, 19 polizia-atestatu egin dira, horien artean 8 lapurreta edo ebasketa kasu, 2 lesio-delitu, atxiloketa judizial bat, errekisitoria bat eta bide-segurtasunaren aurkako delitu bat. Gainera, kalte materialekin, mehatxuekin edo objektu pertsonalen galerekin lotutako hainbat kasu ere jaso dira.

Era berean, helduen arteko gatazka edo eztabaidekin lotutako 29 esku-hartze egin dira, eta bizilagunen kexak zarata, trafikoa, zikinkeria eta botiloia edo ostalaritza jarduerarekin lotutako eragozpenengatik jaso dira. Gainera, desagertutako pertsonak, arrisku sozialeko egoerak, sute txikiak eta animaliekin lotutako gorabeherak ere artatu dira. Ertzaintzarekin batera egindako kontrolen bidez, bide publikoan alkohol eta droga kontsumoa detektatzeko lanak egin dira. Aurtengo nobedade gisa, Udaltzaingoak gorputz-kamerak erabili ditu, herritarren konfiantza eta segurtasuna indartzeko helburuarekin. 

Udalak nabarmendu du, halaber, jaiegun osoan arreta emateko telefonoak eta Puntu Moreak esku hartze bat kudeatu dutela telefono dei baten bidez.

40 lagunek osatzen duten garbiketa-dispositibo bereziak eraginkortasunez funtzionatu du jai-aste osoan zehar. Operatiboak lau kamioi baldekatzaile, lau ekortzeko makina automatiko eta hondakinak biltzeko lau ibilgailu izan ditu, eta hogeita bi komun publiko instalatu dira udalerriko hainbat tokitan. Lanak eguneko hiru txandatan antolatu ziren, eta kaleak egun osoan garbi mantentzea bermatu zen. Udalak garbiketako langileen dedikazioa eskertu du.

Ruizek eta Escotak oso positibotzat jo dute sanfaustoen garapena: “Oso eskertuta gaude herritar guztien jai-giroko eta errespetuzko jarreragatik. Jardueretara jende asko joan da, eta erantzuna oso positiboa izan da arlo guztietan. Bereziki eskerrak eman nahi dizkiegu Udaleko teknikariei, bai eta Udaltzaingoari, Ertzaintzari eta Gurutze Gorriari ere. Baita, jakina, jaiak garatzen lagundu duten erakunde, elkarte eta kuadrila guztiei ere. Zuek gabe, jai hauek ez ziren posible izango”.

Jai Batzordeak bilera bat egingo du datorren astean jaien balantzea egiteko eta 2026koak prestatzen joateko. Gutxiago geratzen da hurrengoetarako.

Azken ekitaldiak

Larunbatean, hilaren 25ean, 20:00etan, Durango Txistu Kontzertua 2025 ospatuko da Landako Gunean, Silboberri Txistu Elkartearen 30. urteurrena dela eta.

Igandean, hilak 26, Durangoko II. Mendi Martxa, Alpino Tabira Mendi Klubak antolatua, Landako Gunetik irteerekin: 8:00etan ibilbide luzea (25 km) eta 9:00etan laburra (14 km). 10:00etan Mañaria ibaia garbitzeko jardunaldia egingo da Pinondo parketik.

Eguerdian, 12:00etan, 56. Umeen Euskal Jaia, desfilea Landako gunetik eta alarde orokorra Ezkurdi plazan (euria eginez gero, Landako Gunean), Tronperri eta Txoritxu Alai Dantza Taldeak antolatuta.