Abadiñoko Udalaren eskaera batzuei erantzunez, Bizkaiko Foru Aldundiak ordutegi batzuetan EHUra doan A394 linea indartzea erabaki du, Elorrio-EHU linea zabalduz. Horrela, udalerriko mugikortasuna, garraioa eta irisgarritasuna hobetuko da.
Zehazki, astelehen honetan, irailaren 8an, sartu da indarrean A3924 linearen ibilbidearen eta ordutegiaren aldaketa. Aldaketa horri esker, orain arte Durangotik abiatzen ziren errefortzuak Elorriotik irtengo dira, 6:35ean eta 7:35ean, Muntsaratzen, Zelaietan eta Zubibitarten geldialdiak eginez. Era berean, 14:10ean eta 15:10ean Durangora iristen ziren errefortzuak Elorrioraino joango dira. Hala, Abadiñoko ikasleei Leioako campusera zuzenean eta transbordorik gabe konektatzeko aukera emango zaie. Gainera, ordutegi berri horri esker, Bilbora doazen ikasleei aukera emango zaie Durangon gelditu, eta, bost minutuko itxaronaldiaren ondoren, Ondarroatik datorren autobusarekin bat egiteko, zerbitzuen arteko koordinazioa hobetuz.
Neurri horrek, DBH 3. eta 4. mailako ikasleek garraio arloan duten problematikari ere erantzuna ematen dio. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez die adin horietako ikasleei eskola-garraiorik eskaintzen, haien bizilekua ikastetxetik 4 km baino gehiagora ez badago. Asko dira garraio publikoan bidaiatzea erabakitzen dutenak, baina autobusa ordu horietan Muntsaratzeko eta Zelaietako geltokietara beteta iristen denez, autobusa hartu gabe geratzen dira. Errefortzu honi esker, arazoa konpontzea espero da, ikasleen eguneroko mugikortasuna hobetuz.
Udaleko gobernu taldeak aurrerapauso honen garrantzia azpimarratu du: “Urrats honek Abadiñoko unibertsitateko ikasleen eta bigarren hezkuntzako ikasleen eskaerari erantzuten dio. Leioarekin konexio zuzena eta erosoa izatea bermatzen da, bai eta ikastetxeetara ordurako iristea ere. Mesedegarria da udalerriko garraio publikoaren kalitatea hobetzeko”.
Hala ere, Udalak gogorarazi du, oraindik ere, erantzunaren zain daudela Bizkaiko Foru Aldundiari helarazitako beste proposamen batzuk. Horien artean dago Elorrio-Bilbo lineak Muntsaratzen geldialdia egitea. Errefortzuarekin, egunean bi geldialdi egingo dira puntu horretan hemendik aurrera, baina Udalak eskatzen du Bilborako autobus guztiek gelditu behar dutela auzo horretan. Martxoan, Muntsaratzeko bizilagun batek sinadura bilketa jarri zuen abian eskaera horri erantzuteko, eta ia 500 sinadura jaso zituen. Udalaren eskaerarekin batera, Bizkaiko Foru Aldundira helarazi ziren.
Urte hasieran, udaleko ordezkariak Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio, Mugikortasun eta Turismoko diputatuarekin eta Bizkaibuseko zuzendariarekin bildu ziren. Izan ere, Udalak berak eta herritarrek azken urteotan egin dituzten eskaera desberdinei hainbat ezezko eman ondoren, gobernu taldeak lehen pertsonan adierazi nahi izan zuen zerbitzu hauen garrantzia.