Irailaren hasierarekin batera eta kontuan izanda aurreko edizioak izandako harrera bikaina, Abadiñoko Udalak martxan jarri ditu aurten ere bai udal ikastaroak. Joan den ostiralean ireki zen izena emateko epea, eta hilaren 25era arte egongo da zabalik.

Izena ematea aurrez aurre, Udal Mediatekan, Errota Kultur Etxean edo Herritarren Arretarako Zerbitzuan, edota online, formaluario bat betez egin ahal izango da. Plaza baino eskaera gehiago baldin badaude, zozketa egingo da.

Zehazki, Kultura eta Gizarte Ongizateko ikastaroak eskainiko dira, adin eta publiko zabalari zuzenduta egongo direnak. Tartean, yoga, zeinu-hizkuntza, argazkigintza, pintura, zeramika, sukaldaritza, mantenimenduko gimnasia, aretoko dantzak, haur eta helduentzako irakurketa-kluba eta sendabelarren ikastaroak eskainiko dira.

“Kultura eskaintza diseinatzerako garaian, aurten ere, herritarren parte hartzea sustatu dugu. Ekainean galdetegi bat pasa zitzaien herritarrei, eta eurak egindako proposamenak oinarri hartuta, aurtengo ikastaroak antolatu ditugu. Denetarik eta denentzat”, adierazi du Monika Iglesias Kultura zinegotziak.

Edurne Maguregi Gizarte Ongizateko zinegotziak, bere aldetik, tailer hauen garrantzia nabarmendu nahi izan du: “Ikastaro hauek oso baliabide aberasgarriak dira partehartzea, elkarbizitza eta herritarren ongizatea sustatzeko, eta gainera, herrian bizimodu aktiboa mantentzen laguntzen dute. Era berean, elkarguneak sortzen dituzte, bakardadeari aurre egiteko balio dute, eta komunitate-loturak indartzen dituzte, pertsonen bizi-kalitatea hobetuz”.​​​