Astelehen honetan, irailaren 8an, hasi eta hilaren 26ra arte, zabalik egongo da Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza Sailak, Santander Creativa Fundazioak (FSC) eta Logroñoko Udaleko Kultura Unitateak sustatutako 'Bertatik bertara' laguntzen deialdiaren epea.
Gehienez sei ekimen hautatuko dira. Ekimen horiek Bilboko, Santanderreko eta Logroñoko kultura-eragileen lankidetza-lanaren emaitza izango dira, eta hiru hirietatik gutxienez bitan gauzatu beharko dira 2025ean. Lehentasuna izango dute hiru hirietan jarduerak planteatzen dituztenek.
Programa horretarako 90.000 euro bideratu dira, hiru erakundeek hainbana jarrita (30.000 euro bakoitzak) eta hautatutako sei proiektuen artean banatuak (15.000 euro bakoitzarentzat). Eskatzaile bakoitzak proiektu bakar bat aurkeztu ahalko du.
Dokumentazioa eskuragarri dago FSC-ren webgunean
Deialdiaren oinarriak eta eskabideak FSCren webgunean jaitsi daitezke, eta behar den dokumentazio guztia info@santandercreativa.com helbidera bidali behar da, irailaren 26ko (ostirala) 23:59ak baino lehen.
Deialdira aurkez daitezke Langile Autonomoen Araubide Berezian izena emanda dauden profesionalak eta enpresak edo bestelako entitateak, beren forma juridikoa edozein dela ere, kultura-ondasunak sortzen, ekoizten, banatzen eta merkaturatzen aritzen badira, beren jarduera hiru hirietako batean egiten badute eta ez badira toki-erakundeei, toki-erakunde autonomoei edo tokiko enpresa-erakunde publikoei atxikitako merkataritza-sozietateak.
Hiru hirietako ordezkariek osatutako Balorazio Batzordeak aukeratuko ditu proposamenak, eta proiektuen kalitatea, interesa, bideragarritasuna eta berrikuntza ebaluatuko ditu. Batzordeak bi hilabeteko epea izango du, gehienez, egokien iritzitako proiektuak aukeratzeko, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik hasita. Azkenik, deialdia egin duten erakundeek zehaztuko dute zein bi proiektu finantzatuko dituen erakunde bakoitzak.
'Bertatik bertara 2024' programaren balantzea
2024an laguntzen deialdira aurkeztu ziren hamazazpi proposamenetatik, epaimahaiak sei hauek hautatu zituen:
- La IX Reunión en Danza (La RED): Kantabriako «Movimiento en Red» dantza-profesionalen elkarteak, Bilboko La Fundiciónek eta Logroñoko Sempiternal kultur elkarteak antolatua. Dantza garaikidearen inguruko erakustaldi- eta prestakuntza-programa bat, koreografo berriei zuzendua, haien talentua aldarrikatzeko eta diziplina hori herritarrei hurbiltzeko.
- Orbitan jaialdiaren 3. edizioa: Niagara aretoak, Rabba Rabba Hey! Bilboko kultura-elkarteak eta Logroñoko Stéreo aretoak bultzatuta, lankidetza-jaialdi txiki horretan musikaren sektorerako erreferentetzat jotzen diren hiru hirietako kultu-bandak erakutsi zituzten.
- Arquitectura Migrantes: Santanderreko La Vorágine Crítica kultura-elkarteak, Urbanbat Bilboko hiri-berrikuntzako bulegoak eta Taller enBlanco Logroñokoak antolatua. Programa horrek migrazioaren, arkitekturaren eta hiri-espazioaren arteko interakzioa ikertu eta aztertu zuen, tokiko argazkilarien begiradaren bidez.
- 'Hacia lo invisible': Santanderreko Mari Paula koreografo eta kultura-kudeatzaileak, Bilboko Kampai Espazioak eta Logroñoko Jorge Luis Tesone kultura-kudeatzaileak antolatua. Proposamen honen helburua arte eszenikoen paisaia sustatu, hausnartu eta zabaltzea izan zen, desgaitasuna duten pertsonak barne hartzeko, eta, horrela, espazio kultural soiletatik haratago hedatutako elkarrizketa artistiko bat planteatzeko.