Aurrera doa Sestaoko Udala herriko espazio zaharrei edo erabilerarik ez duten espazioei erabilera bilatzeko erronkarekin. Oraingo honetan, Ikastunen Eskola zaharraren eraikinaren txanda izan da. Momentu honetan lau ideia posible aztertzen ari dira.
Sestao Berri sozietate publikoak kontrataziora atera ditu Ikastunen Eskola zaharraren eraikinaren inguratzailea, estalkia eta egituraren zati bat birgaitzeko proiektua eta obrak.
Lan horiek hori egin nahi dituzten enpresek irailaren 15era arteko epea izango dute beren eskaintzak aurkezteko.
Eraikin Publikoen Birgaitzea Bultzatzeko Udalaren Programari dagokion proiektu horrek 3.859.900 euroko aurrekontu ekonomikoa eta Next funtsen 3.000.000 euroko dirulaguntza ditu.
Proiektua idazteko eta obrak egiteko 40 asteko epea aurreikusten da, kontratua sinatzen denetik zenbatzen hasita, eta kontratu hori urtea amaitu baino lehen sinatzea espero da.
Udalaren helburua Ikastunen Eskolaren eraikin historikoa Sestaoko eta Ezkerraldeko motor ekonomiko berri bihurtzea da.
Izan ere, bere 6.700 metro koadroko azalerak hainbat jarduera hartzeko aukera ematen du.
Une honetan, Udala lau ideia posibleren bideragarritasuna aztertzen ari da: udalerriaren iparraldeko lursail-pastillan dauden enpresak bilduko dituen industrialde bat sortzea, etxebizitzen eraikuntza industrialari lotutako proiektu bat abian jartzea, inguruko enpresen deskarbonizazioa bultzatzeko proiektu bat eta, azkenik, eskualdeko enpresen beharren araberako prestakuntza nahieran ematea bertan.