'Sarean' tailerretan parte hartzeak gora egiten jarraitu du ikasturte honetan
6.388 ikaslek parte hartu dute programa horretako tailer eta programetan
Getxoko ikastetxeetako 6.388 ikaslek hartu dute parte amaitu berri den ikasturtean informazioaren eta komunikazioaren teknologien eta gizarte sareen erabilera osasungarria lantzen duten 'Sarean' tailerretan. Horietatik, 13 ikastetxetako Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 188 ikasgelatako 3.571 ikasle izan dira, eta 8 ikastetxetako DBHko eta Batxilergoko 122 ikasgelatako 2.817 ikasle.
Tailer horiek sare sozialen ezaugarriei, ondorio positibo eta negatiboei eta balizko arriskuei (grooming, ciberbullying, sexting, sextorsioa...) buruz hausnartzeko aukera ematen dute, bai eta behar bezala erabiltzeko baliabideak lantzeko ere. Tailerrak Getxoko Udalak udalerriko ikastetxe guztietan sustatzen duen Osasuna Sustatzeko eta Adikzioak Prebenitzeko programaren barruan kokatzen dira.
Aurreko edizioetan bezala, landutako gaiak gaitasun pertsonal positiboak eskuratzearekin (autorregulazio emozionala, balioak...) eta substantzien, bideo-jokoen eta teknologia digitalen erabilera desegokiaren aurrean arriskuak prebenitzearekin eta murriztearekin lotuta egon dira, baita adin bakoitzerako egokiak diren gaiekin ere, hala nola errespetua, adiskidetasuna, tolerantzia eta enpatia. "Udalak gure ikasleen hezkuntzari eragiten dioten gaiak jorratzen dituen programa hau bultzatzen jarraituko du, betiere parte hartzen duten ikastetxeetako irakasleen inplikazioarekin eta lankidetzarekin, oso modu positiboan eta konfiantzaz jasotzen baitituzte ikasgeletan ematen diren saioak eta ikuspegia", nabarmendu du Carmen Díaz Gizarte Kohesiorako zinegotziak.
Sarean tailerrekin batera, adinaren arabera, ikasle gazteenek asertibitatea, ongizate integrala eta harreman afektibo-sexual osasuntsuak landu dituzte Ni neu, zu zeu ipuin-kontalarien, eta Sentiktuz eta Lagunekin baratzean + txotxongiloak tailerren bidez. Helduenek bideo-jokoei, droga-mendetasunen prebentzioari, alkoholaren arriskuari, drogen arriskuari, Adikzio aurretik zinemari, apustuei eta online jokoari buruzko tailerretan parte hartzeko aukera izan dute.
Familientzako Eskola
Bestalde, 82 pertsonak parte hartu zuten 2024/2025 ikasturtean Familientzako Eskolaren prestakuntza-programaren 30 saioetan, eta horietan 18 gai jorratu zituzten. Saioen erdia euskaraz izan zen eta beste erdia gaztelaniaz, lau online eta asistentzia handiena izan zuten saioak osasun mentalari buruzkoak izan ziren. Berriro ere, emakumeen kopurua handiena izan da, % 81a, joan den ikasturtean.