Ibon de Letona eta Garbiñe Sagarduy izango dira aurtengo Santakurtzetako pregoilaria eta txupineroa, hurrenez hurren. Galdakaoko Udalak atzo eman zituen ezagutzera 2025eko jaiei hasiera emango dieten pertsonen izenak.

Lopez de Letona, Bilbao Basketeko talde teknikoko kidea, aurten bere historiako lehen Europako titulua irabazi duena, herritarrek aukeratu dute, parte hartzeko prozesu baten bidez. Bestalde, Sagarduy Zizpa Gazte Konpartsako kidea da. Galdakaoko gazteen talde honek ia 30 urte daramatza herriarekin konprometituta. Jai Batzordeak zozketa bidez aukeratu du Zizpa aurtengo txupinero lanetarako, eta Zizpak, Sagarduyri eman dio ardura.

Atzo izan ziren ofizialki aurkeztuak Iñigo Hernando Arriandiaga alkatearekin, Amets Iturbe Bustillo Jaietako zinegotziarekin eta Jai Batzordeko Alazne Solinis eta Angel Ezkurrarekin batera egin zuten agerraldian. Hori hasi aurretik, guztien artean solasaldi atsegina izan zuten, bi protagonistentzat ingurune lasaiagoa sortzeko xedearekin.

Hernandok nabarmendu duenez, "Udalarentzat plazera da biak herriaren ordezkari izatea Santakurtzetan; kirolean erreferente izatea posible dela agerian utziko dute, eta herritarrei elkarteen garrantzia erakutsiko diete". Ildo horretan, "presio gehiagorik sartu nahi gabe”, udan “jaietarako indarra hartzeko eta hitzartzeetan pentsatzen joateko" deia egin die.

Iturbek, bere partez, Lopez de Letona eta Sagarduy zoriondu ditu, eta lehenengoa "hautagaien zerrenda luze batetik" aukeratua izan dela azaldu du, "berarentzat eta bere taldearentzat urte berezia izan delako". Era berean, "Galdakaorekin eta herriko gazteriarekin duen konpromisoa" azpimarratu du eta horregatik pregoilari bezala izatea eta bere hitzak entzutea, ohorea izango dela esan du. Txupineroa hautatzeari dagokionez, Solinisek azaldu du Zizpa Gazte Konpartsa zozketa bidez aukeratu dela eta “aukeraketa paregabea” izan dela, elkarteak duen ibilbidea ikusita.

Protagonistei dagokienez, Lopez de Letonak "jaiak iristeko eta lana ondo egiteko irrikitan" dagoela esan du. Halaber, "galdakoztarra izateaz oso harro" dagoela aitortu du, eta, beraz, "oso berezia” izango dela jaietako lehen egunean pregoia irakurtzea. Sagarduyk, bestetik, "aukera hau izatea plazera da”, onartu du. Zentzu horretan, Zizpa Gazte Konpartsak gazteen alde egiten duen lana agerian uzten eta elkartea Galdakaon erreferentzia izaten jarrai dezan lan egiten jarraituko duela ziurtatu du.