Ispasterrek uztailaren 20an eman zien hasiera 2025eko Santiago eta Santa Ana jaiei, baina egitarauko ekintza nagusiak bihar, uztailaren 24an, hasiko dira ofizialki eta igandera arte luzatuko dira. Udalak eta jai batzordeak adin eta gustu guztietarako ekintzak bildu dituzte aurtengo egitarau ofizialean.
Bihar bertan, Santiago bezperan, emango zaie jaiei hasiera ofiziala. 18:00etan hasiko da Eskolarteko Zesta-Punta Txapelketa frontoian, non benjamin, alebin eta infantil mailetako finalaurrekoak jokatuko diren. 19:00etan, berriz, txupinazoaren eztandak abiatuko du festa: pregoia, Txanton Pipirriren igoera eta Aittitta Makurra txarangarekin batera egingo den tamborrada herrikoia izango dira une nagusiak. Ondoren, sagardo ibiltariarekin batera gazta eta intxaurrak banatuko dira, eta 23:00etatik aurrera, Zutik erromeriaren doinuekin eta DJ Alexen 80ko hamarkadako musikarekin dantzan amaituko da eguna.
Santiago eguna, uztailaren 25a, goizeko 9:00etan hasiko da txistularien dianarekin. 11:30ean prozesioa abiatuko da Elexaldetik Santiago baselizara, eta 12:00etan meza ospatuko da. Eguerdian, 13:00etan, Bizkaiko emakumeen banakako aizkora txapelketa ofiziala izango da ikusgai, baita harrijasotze jardunaldia ere. 17.30etan umeentzako puzgarriak izango dira, eta 18:00etan, mus txapelketak hartuko du frontoia. Gauean, berriz, Zilibito Records, Altxa Porru Erromeria eta DJ Domin arituko dira oholtza gainean.
Jarraipena
Santa Ana Egunean, uztailaren 26an, goizeko 11:00etan jokatuko dira esku pilotako partiduak Ispasterko harrobiko gaztetxoekin. 11:30ean meza ospatuko da, eta eguerdian, 13:00etan, bertso saio musikatua izango da Aissa Intxausti gai-jartzailearen eskutik, Miren Amuriza, Jon Maia eta Jone Uria bertsolariekin, eta Araitz Bizkai eta Oihana Landa musikarien laguntzaz. Arratsaldean, 18:00etan eta 19:00etan, XXXIV. Kross Lasterketa Herrikoia izango da, gazte eta nagusientzat. Azkenik, gaueko 23:00etan, 48280 eta Itzal taldearen kontzertuek girotuko dute plaza.
Uztailaren 27an, Santanatxu Egunean, Zesta-Punta Txapelketako finalak jokatuko dira 12:00etan. Eguerdiko 14:30ean herri bazkaria egingo da, eta 17:30ean DJ Noyak hartuko du lekukoa. 18:00etan XVII. Banakako Bolo Txapelketa jokatuko da, eta gaueko 21:00etan hasiko da mozorro lehiaketa. Jaiei amaiera emateko, 23:30ean Lisker taldearen erromeria izango da, eta gauerdian Txanton Pipirriren jeitsierak emango dio amaiera ofiziala Ispasterko 2025eko jaiei.