“Gure asmoa da Bizkaiko Erromeria Eguna kultur egutegian finkatzea: denboran iraungo duen tradizio bihurtu nahi dugu”
Urriaren 4an ospatuko da Bizkaiko Erromeria Egunaren lehen edizioa, Durangon, musika eta dantza herrikoia oinarri dituen jai parte-hartzaile baten alde
Tradizioa eta gaurkotasuna uztartuz, Bizkaiko Erromeria Egunak erromeria biziberritu eta mundu guztiarentzat esperientzia partekatu bihurtu nahi du. Hala, Leixuri Arrizabalaga, Euskera, Kultur eta Kirol diputatua, eta Jon Gomez Garaik, Danok Pro-ko bozeramailea eta Oxabi taldeko abeslaria, proposamenaren atzean dagoen filosofia partekatu dute: belaunaldien arteko transmisioa, euskararen erabilera aktiboa eta erromeriaren forma eta formatu berriak uztartzeko erronka.
Nola sortu zen Bizkaiko Erromeria Eguna ospatzeko ideia? Ekimen instituzionala edo kulturala izan zen?
Leixuri Arrizabalaga: Ideia bien arteko konbinazio gisa sortu zen. Jon Gomez Garai eta Danok Prorekin elkarlanean, Aldunditik hainbat ekimen kulturala antolatzen genbiltzan jada, eta proposamena iritsi zenean, argi ikusi genuen horrelako jaialdi bat falta zela Bizkaian. Erromeriaren esentzia pixkanaka galtzen ari da. Horregatik, guretzat funtsezkoa zen transmisio lana egitea eta jai honen bidez gure kultura eta identitatea indartzea. Ekimenak aukera ematen du eskualde batek jai handi bat hartzeko, erromeria formatu ezberdinak eta publikoak leku eta egun berean batzeko, eta sortzaile berriei zein betikoei lekutxo bat eskaintzeko. Gure helburu instituzionalekin guztiz bat egiten zuela ikusi genuen, eta hortik aurrera, Danok Prorekin elkarlanean aurrera egitea erabaki genuen.
Zergatik aukeratu da Durango lehen edizio hau hartzeko?
L.A.: Hasieran beste herri batzuk ere aztertu genituen, baina azpiegitura edo data arazoengatik baztertu behar izan genituen. Durangorekin, berriz, Aldunditik lehendik genituen harremanak eta kultur proiektuak, eta Udalak hasieratik prestutasun osoa erakutsi zuen. Durango kokapen estrategikoan dago, ondo komunikatuta eta azpiegitura egokiekin. Halako ekitaldi baterako beharrezkoa den plan B bat ere badu: Landako, Plateruena eta beste espazio estali batzuk, eguraldi txarrarekin ere erromeria ospatu ahal izateko. Lehen edizio hau froga modukoa denez, berme guztiekin egitea nahi genuen, eta Durangok horretarako baldintza egoki guztiak eskaintzen ditu.
Zer helburu jarri dituzue Aldunditik eta Danok Protik?
L.A.: Helburu asko eta askotarikoak jarri ditugu. Alde batetik, erromeriaren forma ezberdinak ezagutaraztea da asmoa; baina, bestetik, publikoak euskal nortasunaren adierazle den jai bat bizi dezala nahi dugu, ondo pasatuz eta euskaraz modu aktibo batean berba eginez. Erromeria batek ez du zentzurik publikorik gabe. Horregatik, helburu bikoitza dauka: alde batetik, aisialdi ludikoa eskaintzea, ondo pasatzeko egun bat izatea; eta bestetik, gure printzipio eta balore batzuk transmititzea: erromeriarenak, euskal kulturarenak, euskal sortzaileenak, eta gure nortasun propioarenak. Uste dugu aipatutako horrek guztiak batzen dituela, eta mezu horiek oso ondo helarazteko aukera ematen duela.
Erromeriak gure kulturaren parte dira, baina ba al dakigu benetan zein den haren jatorria?
Jon Gomez Garai: Erromeriaren sustraiak ehunka urte atzerago doaz Euskal Herrian. Hasieran, ermita inguruan egiten ziren, txistu eta danbolinarekin, eta geroago batu ziren beste instrumentu batzuk, hala nola alboka edo trikitixa. Beti izan dira formatu xumeak, musikari gutxirekin, eta jendeak bikoteka edo launaka dantzan parte hartuz. Denborarekin, ermitetatik herriko plazetara eta herri handietara hedatu ziren, komunitateari aisialdirako eta ospakizunerako aukera eskainiz. Finean, erromeriak garai batean “orduko diskotekak” ziren: belaunaldi askoren aisialdi eredua.
Horregatik, Bizkaiko Erromeria Egunak horrelako formatu zaharrei lekua egin nahi die, aspaldikoak izan arren, gaur egun ere bizirik baitaude. Horren adibide argiak dira trikitixa txapelketak, dantzari egunak, edo trikitixa eta panderoarekin kalez kale aritzen diren kuadrilla gazte eta ez hain gazteak. Horrelako erromeria formatuak mantendu eta belaunaldi berriei transmititu behar dizkiegu, gaur egun erromeria ez baita soilik eszenatoki gainean edo formatu elektronikoago batean egiten den ikuskizuna. Hori ere bada, izan ere horretan dihardugu askok, izan Oxabirekin edo urriaren 4an egongo diren talde gazteekin; baina erromeriak sustrai sakonak ditu, eta ehunka urteko tradizio baten parte dira. Horregatik, Erromeria Egunean formatu guztiak bildu nahi ditugu: jatorrizkoak zein gaur egungoak, guztiak balioan jarrita.
Programak erromeria klasikoetatik hasi eta proposamen modernoagoak barne hartzen ditu. Nolakoa izan da jarduerak hautatzeko prozesua?
J. G. G. : Programazioa adin eta gustu guztietara egokitzen saiatu gara, publikoak modu aktiboan parte har dezan eta egunari izaera ludiko eta kulturala eman nahian. Dantzan ondo moldatzen direnek plazaz gozatu ahal izango dute Aiko taldearekin, eta musika tradizionalaren zaleek formatu bereziak izango dituzte, hala nola Iker Álvarez eta Aitor Urkiza txistulariak edo Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña trikitilariak entzuteko. Zabaleta eta Mutriku ere elkarrekin arituko dira berriz, urte askoren ostean. Gazteentzako, formatu elektronikoagoa eskainiko da, eta haurrek ere izango dute euren espazioa dantzan aritzeko eta gaurko zein atzoko kantuak abesteko, Go!azen telesaileko aktoreen karaokearekin adibidez. Azken batean, programa orekatu eta inklusiboa osatu nahi izan dugu, tradizioa eta gaur egungo joerak uztartuz.
Gazte-jaietan reggaetoia nagusi den honetan, erromeriek badute gaitasunik joera horrekin lehiatzeko?
J.G.G.: Uste dugu reggaetoia Euskal Herrian geratzeko iritsi dela, eta ezin dugu jendearen gustuen aurka egin. Gure asmoa ez da genero horri uko egitea, baizik eta elkarbizitza eraikitzea ikuspegi feminista, euskaldun eta ekitatibo batetik. Urriaren 4ko formatu elektronikoagoek gazteekin konektatzeko aukera emango dute, eta reggaetoia ere txertatu daiteke balio horiei jarraituz. Gaur egun badaude euskaraz reggaetoia egiten duten artistak, hala nola Dupla edo Kai Nakai, bide horren adibide gisa.
Hitzordu hau instituzionalizatzeko eta beste udalerri batzuetan txandakatzeko planik ba al dago?
L.A.: Bai, gure asmoa da Bizkaiko Erromeria Eguna Bizkaiko kultur egutegian finkatzea eta urtero Bizkaiko eskualde edo herri batean ospatzea. Hau denboran iraungo duen tradizio bihurtu nahi dugu. Horregatik, hurrengo urteetan beste eskualdeek ere parte hartzeko aukera izango dute.
Zer sentsaziokin gustatuko litzaizueke jendea geratzea jaialdia amaitzean?
J.G.G.: Gustatuko litzaiguke jendeak eguna amaitzea datorren urterako gogoz, dudarik gabe. Baina, batez ere, nahi genuke jaiak berak norberari eta bere ingurukoei ekarpen positibo bat egin diola sentiaraztea. Horrelako sentsazioarekin amaitzea gustatuko litzaiguke, izan ere, danontzako aukera polita izango da eta egunak ez dio inori hutsik egingo.
Ez dugu nahi Bizkaiko Erromeria Eguna programa anitz bat modu ludiko-festiboan bakarrik biziko den eguna izatea. Gure asmoa da jendeak parte hartzea bai, baina ez ikus-entzule pasibo gisa soilik, baizik eta egun horrek ekarpen kultural aberasgarria egitea norberaren bizipen pertsonalean ere.