San Pedro jaien "oso balorazio positiboa" egin du Mungiako Udalak
Guztira 60 jarduera egin dira, zeinetan herriko eta inguruetako milaka lagunek parte hartu duten
Mungiako Udalak oso positiboki baloratu ditu amaitu berri diren San Pedro jaiak, herriko kaleetan egon den giro ezinhobea goraipatuz. Gainera, jai egitarau osoa gauzatu ahal izan da osorik; aurten, gainera, eskaintza zabala eta askotarikoa izan da, aipatzeko moduko ezbeharrik gabe.
Horrela, Mungiako Udalak, Jai Batzordeak, udal elkarteek eta udal sail ezberdinek jaien aurretik, bitartean eta ondoren egindako lana eskertu du.
"Oso balantze positiboa egiten dugu. Jaiak normaltasun osoz igaro dira, jai giro lasaian eta garrantzitsuena, gertakari larririk gabe. Herritarren parte-hartze handia eta elkarte, koadrila eta txosnen inplikazioa, lankidetza eta koordinazioa funtsezkoak izan dira San Pedro jaiak azken urteetako jendetsuenak eta parte-hartzaileenak izan direla gogorarazteko" azaldu du Alaitz Erkoreka Baraiazarra alkateak. "Zazpi egunetan zehar gustu eta adin guztietarako jarduerak eskaini dira. Horrek jai giroa sortzen lagundu du, alaitasunez, herriko eta inguruko jendearen parte-hartzea eta gozamena sustatuz ", gaineratu du.
Kaleko animazioak, kontzertuak, Baserritarren eguna, koadrilen probak, bazkariak, tortilla eta sukalki txapelketak, haurrentzako parkea, kirol jarduerak, su artifizialak... Guztira, 60 jarduera, zeinetan dute herriko eta inguruetako milaka lagunek parte hartu duten. Ohi bezala, musika kontzertuak eta ikuskizunak izan dira jenderik eta arrakasta-tasarik handieneko ekitaldiak. Guztira, 14 emanaldi izan dira zeinetan milaka pertsona bildu diren 7 egunez. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, Gatibu, Bidean erromeria, Los chimberos, Puro relajo, Akerbeltz, PI.LT, Süne, Sukena, Dj Kris, Mojinos escocios, herriko taldeen kontzertuak, Buen castigo, Aurrerabeire eta Lorratz. Guztietan jende asko bildu den arren, Gatibu taldearen kontzertua izan da entzule gehien bildu dituena.
Aurtengo berrikuntzek ere oso harrera ona izan dute ikusleen artean. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, su artifizialen kokapen-aldaketa (oraingo honetan Pradoko fabrika zaharretik jaurti dira ikuseremua zabaldu ahal izateko) eta Buen castigo eta Bilbotxerosen emanaldiak.
Bestalde, Jai Batzordeak ere oso positibotzat jo du jaien martxa, eta giro ona, belaunaldien arteko parte-hartzea eta eguneko zein gaueko jardueraz gozatzeko aukera azpimarratu ditu.
Garrantzitsuena da jaiak istripu eta gorabehera larririk gabe igaro direla", azaldu dute.
Azken batean, "Udaletik oso pozik gaude jai hauen martxarekin eta Jai Batzordeak eta udalerriko elkarteek egindako lan handia eskertzeko eta balioesteko aprobetxatzen dugu. Bere inplikazioari esker, San Pedro jaietako programak gustu eta adin guztiei zuzendutako hamaika eskaintza eskaini ditu. Beste behin ere, eskerrik asko Jai batzordeari, mungiarrei, bisitan etorri direnei eta jai ahaztezinez gozatzeko aukera eman digutenei” amaitu du alkateak.