Asteazken honetan goizean, uztailaren 16an, Getxoko alkate Amaia Aguirrek eta Gizarte Kohesioko zinegotzi Carmen Díazek Getxoko Udalaren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako V. Plana 2025-2030 Plana aurkeztu dute prentsaurreko batean.

Planak herritarrei eta udal antolamenduari begira berdintasun-politikak diseinatu, ezarri eta ebaluatzeko bi hamarkada baino gehiagoko lan-ibilbideari jarraipenaren emaitza da, hainbat ekimen, mugarri eta jarduerarekin (Aholkularitza sexologikoko Zerbitzua, Berdintasun Kontseilua, indarkeria matxistaren aurrean jarduteko eta koordinatzeko Tokiko Protokoloak, Jabekuntza Eskola, Gurari Emakumeen Etxea, tailerrak...). 

2024-2027ko Legealdi Planaren barruko agiriak indarrean dagoen legeria eta plangintza estrategikoa aplikatzen lagundu nahi du, bai foru erkidegoan, bai nazioartean. Egiteko prozesua hiru fasetan garatu da, hau da, genero-diagnostikoa, IV Planaren egikaritze-balorazioa eta Plana bera egitea. “Berdintasuna oinarrizko eskubidetzat hartuta gizarte-adostasuna dagoen arren, legeak dioenaren eta bizitza errealean gertatzen denaren arteko aldea onartezina da oraindik. Plan hau dokumentu bat baino gehiago da, gure erantzuna eta gogorarazten digu berdintasuna ez dela helmuga bat, etengabe landu beharreko alderdi bat . Ez dago aurrerapen kolektiborik berdintasunik gabe. Ez dago justiziarik genero-ikuspegirik gabe. Ez da komunitate kohesionaturik lortuko ez bagara gai gure artean zaintzeko, inklusiboak izateko eta arazoak konpontzeko. Agenda feminista honekin dudan konpromiso pertsonal eta politikoa berretsi nahi dut gaur. Berdintasuna ez da soilik legezko printzipio bat edo helburu etiko bat: gobernatzeko, planifikatzeko, komunikatzeko, hezteko eta bizitzeko modu bat da”, nabarmendu du Amaia Aguirre alkateak.  

Planaren egitura

V Planaren lau ardatz estrategikoak Emakundek landutako EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 20230 Estrategiaren egitura jarraitzen dute. Ardatzek sei esku-hartze programa eta 105 jarduera-neurri aurreikusten dituzte. "V. Plan honek Getxorako asmo handiko ibilbide-orri eraldatzaile bat markatzen du. Genero-ikuspegia duen gobernu on baten alde egiten dugu, emakumeen ahalduntzearen alde, zaintzan oinarritutako gizarte-antolaketa justu eta iraunkor baten alde, eta indarkeria matxistarik gabeko hiri baten alde. Udal-langile guztien prestakuntzan, genero-ikuspegidun aurrekontuen benetako aplikazioan eta emakume kalteberenei emandako arretan jarri dugu arreta: emakume migratuak, desgaitasuna dutenak, zaintzaileak eta nahi gabeko bakardadea jasaten dutenak. Gurari Etxea parte-hartze eta intzidentzia feministarako gune gisa hazten jarraitzea nahi dugu, eta benetako erantzunkidetasun publiko baterantz goaz, baliabide berriekin, hala nola, doako haurreskolarekin, belaunaldien arteko Zentroarekin edo eguneko arretarako eta mendeko pertsonentzako etxebizitza komunitarioko plazen hazkundearekin. Plana Getxo berdinzaleagoa, zaintzaileagoa eta bidezkoagoa eraikitzeko tresna zehatza da”, nabarmendu du Carmen Díaz Gizarte Kohesioko zinegotziak. Planaren lau esku-hartze ardatzak hurrengoak dira: 

  • Gobernu ona” da, eta bere helburua da erakunde publikoek modu garden, parte-hartzaile eta arduratsuan jarduten dutela bermatzea, eremu guztietan genero-berdintasuna ziurtatuz, neurri zehatzak hartuz eta parte-hartze parekidea, gardentasuna eta kontu ematea baloratu eta sustatuko dituen kultura instituzional bat sortzearekin batera. Ardatza honek aurreikusten du berdintasunaren arloko plangintza eta koordinaziorako konpromiso politikoa garatzea, eta genero ikuspegia sartzea lan-prozeduretan. Horretarako Udalaren eta erakunde autonomoen Berdintasunerako Barne Planak egitea; Udalerriko plan estrategikoetan, sektorialetan eta aurrekontuetan genero-ikuspegia txertatzea; formazioa, zeharkako lana, eta Berdinsarean eta Virginia Woolf Basqueskolan bezalako sareetan parte hartzea sustatzea… 
  •  “Emakumeen Ahalduntzea” da, estrategia integratuago baterantz aurrera egiten jarraitzeko, non proiektuak edo programak ez diren modu isolatuan landuko, baizik eta udalerriko emakumeen ahalduntze soziopolitikoa benetan sendotzen lagunduko duen sinergiaz sortuz, Gurari Etxea: Gela propioa Getxoko emakumeentzat, eta Emakumeen eragin politikoa eta balio aldaketa programen bidez. Ildo horretan, Gurari aukera garrantzitsua da ekimen horiek antolatzeko eta udalerriko bizitza sozial eta politikoan emakumeen parte-hartzeko espazio bat finkatzeko. Espazio hori udal programak eta zerbitzuak lotuko dituen ardatz dinamizatzaile bihurtu behar da, berdintasun politiken zeharkako ikuspegi intersekzionala sustatuz, erakundeen, kolektibo feministen, emakume-elkarteen eta funtsezko beste eragile batzuen arteko lan-sareak sustatzen dituena. Neurrien artean, Gurariren kudeaketa, programazioa eta dinamizazioa sendotuko eta lagunduko da baita beren espazioak, sareak, elkartasun mekanismoak sortzea, prestakuntza, eta beste zerbitzu eta erakunde autonomoekiko koordinazioa....Berdintasun Kontseilua, partaidetza prozesuak, hezkuntza afektibo-sexualeko programak, Sexu-aholkularitzako bulego, Gizonduz eta GizONegin programak eta sentsibilizazio kanpainak (M8, A25, LGTBIQA+ kolektiboaren aldarrikapenak) sustatzen jarraitzeaz gain.  
  • Gizarte antolaketa bidezkoa, berdinzalea eta jasangarria”, Zaintzen Ekonomia Feministaren bitartez. Aurreikusitako neurrien artean sartzen dira familia-zaintzaileentzako prestakuntza-espazioak bultzatzea, haien isolamendua haustea, haien osasuna, autonomia eta forma fisikoa hobetzea, eta, aldi berean, emakumeen osasunari buruz hausnartzea, ikuspegi intersekzionaletik. Aldi berean, Romon Belaunaldien arteko zentro bat eta Haurreskola berri bat, eta Algortan Gazteleku berri bat zabaltzea aurreikusten da, baita hiri errukior eraikitzea, komunitate eta auzo mailako zaintzan erantzunkidetasuna, cohousing eta etxeko lanaren eta/edo zaintza-esparruko ekintzailetza-ekimenei laguntzea ere. 
  • Getxo, indarkeria matxistarik gabeko hiria”, Indarkeria matxistarekiko zero tolerantzia programaren bitartez, genero diagnostikoak jasotako hurrengo erronkak jasotzen dituena: kasuen detekzioa, biktimentzako arreta, polizia salaketatik haratago, ikuspegi intersekzionala eta sustapen espezializatua. Neurriek honako hauek aurreikusten dituzte: sentsibilizazio-kanpainak, jaietan indarkeria matxista prebenitzeko kanpainak, ikastetxeetan indarkeria matxista prebenitzeko programak, Familien Eskolan hausnarketa-saioak, gaitzespen soziala eta instituzionala sustatzea, Getxo indarkeria matxistaren aurkako udalerri gisa identifikatuko duen seinaletika, indarkeria matxistaren aurrean jarduteko eta koordinatzeko II. Tokiko Protokoloaren betearazpena ebaluatzeko Koordinazio Teknikorako Mahaia dinamizatzea, haren edukiak zabaltzea eta berrikustea, arreta juridikoko zerbitzuak zabaltzea, indarkeria matxista jasaten egon daitezkeen emakumeei kalitatezko laguntza ematea, LGTBI pertsonen aurkako indarkeria matxistaren aurrean jarduteko eta koordinatzeko Tokiko Protokoloa egitea, eta indarkeria matxistatik bizirik atera diren seme-alaba adingabeei laguntzeko prozesuetan laguntzea.