Udalerriko bizikletentzako aparkaleku kopurua handitzeko helburua bete du Sopelako Udalak. Horrekin, mugikortasun jasangarria sustatu eta bizikletaren eguneroko erabilera bultzatu nahi ditu Udalak.

Aparkaleku berriak honako bost gunetan kokatu dituzte: Loiola Ander Deuna kaleko 28. zenbakian, Gorlizera joateko Sopelbuseko geltokiaren ondoan; Zipiriñe eskolako sarreran, Goiene kaletik; Abadesoloko igerilekuetan, Etxebarri zeharbidean; Loroño kalean, bidegorritik gertu, Udaletxeko plazaren alboan; eta Sopelako metro geltokiaren ondoan, Zubigane kalean.

Gune berri hauek bizikletaz mugitzeko aukera erosoagoa eta seguruagoa eskainiko dute, ikastetxe, kirol-instalazio, garraio publiko eta jende ugari ibiltzen den guneetan erraztasunez ibiltzeko aukera emanez.

Amaitu dira Bidebieta kaleko obrak

Bestalde, Udalak dagoeneko amaitu ditu Bidebieta kaleko obrak. Lan horiei esker, euri-uren eta ur fekalen saneamendu-sarea berritu da. Obra guztiz beharrezkoa izan da, azken urteetan, Bidebieta eta Zubigane kaleetan urak gainezka egiten izan duelako. Egoera horrek hainbat eragozpen sortzen zituen auzokideentzat; besteak beste, usain txarrak.

Horrez gainera, jarduketa-eremu osoa berrasfaltatu da, eta bide-seinale berriak jarri dituzte: oinezkoentzako pasabideak zabaldu dira, eta, zoruan, seinaletika horizontala finkatu da, ibilgailuek abiadura 30 km/h-ra murriztu dezaten.

Mikel Tapia Hirigintzako zinegotziaren arabera: “Bidebieta kaleko lanek herritarren bizi-kalitatea eta oinezkoen segurtasuna hobetuko dituzte. Herriko zonalde horretan, gure hurrengo helburua Sertutxa kalean jarduketa mota bera egitea izango da, saneamendu-sarea berrituz eta Zubigane kaleko irisgarritasuna hobetuz, metroaren irteeran”.