Aixerrotako paellak eta San Inazio, Romo, Portu Zaharreko eta Mesedeetako jaiak toki seguruak izango dira emakumeentzako. Getxoko Udalak ostiral honetan ezagutzera eman du Gune more bat jarriko duela udalerriko jai guztietan, erasoen biktimentzako zaintza eta laguntza zuzena eta berehalakoa, eta indarkeria matxistari buruzko sentsibilizazioa ere ematea bermatzeko gune seguru batean.

Arreta biktimen zaintzan, eta beren iritzi eta nahiekiko errespetuan oinarrituta egongo da, Ertzaintzarekin, Udaltzaingoarekin eta Udalarekin koordinatzeaz gain, eskura dauden zerbitzuei buruzko informazioa eman ahal izateko eta Udalaren jarduera, koordinazio eta erantzun publikorako protokoloa aktibatzeko. 

Gune morea toki segurua eta lasaia izango da, karpa baten azpian, erasoa jasan duen emakumeari edo LGTBIQA+ pertsonari laguntzeko eta emakume profesionalek artatu eta aholka diezaioten.

Amaia Aguirre alkatea eta Carmen Diaz Gizarte Kohesioko zinegotzia bat etorri dira esatean “Getxoko Udalak berretsi egiten du jai seguruekin dugun konpromisoa, indarkeria matxistarik gabe eta pertsona guztiekiko errespetuz. Horregatik, beste urte batez, Puntu Morea arreta, laguntza eta sentsibilizaziorako gune gisa jarriko dugu. Bertan emakume profesionalek berehalako laguntza emango diete behar duten emakumeei. Horrela, jai-batzordeekiko eta kolektibo feministekiko koordinazioa indartzen jarraitzen dugu, erasorik gabeko jaietarantz aurrera egiteko". 

Gune moreak hurrengo egunetan jarriko dira:

  • Aixerrotako paellak: uztailaren 25eko arratsaldean eta gauean. 
  • San Inazio jaiak, (Algortako etorbidean, batzokiaren ondoan): uztailaren 29tik abuztuaren 1era arteko gauetan.
  • Romoko jaiak (Santa Eugenia kalean, txosnen gunetik gertu): abuztuaren 2, 7 eta 8ko gauetan.
  • Portu Zaharreko jaiak (txosna gunearen sarreran): abuztuaren 9tik 11ra arteko gauetan, eta 12ko arratsaldean eta gauean.
  • Mesedeetako jaiak, Areeta (Andres Larrazabal kalea): irailaren 26 eta 27ko gauetan.  

Arreta-gune moreak artatzen dituzten profesionalekin harremanetan jartzeko aukera izango da, 747407311 telefono-zenbakira deituta ere.