Urriaren 4a egun berezia izango da Durangon, egun horretan ospatuko baita astelehen honetan goizean Bizkaiko Foru Aldundiak eta Danok Pro taldeak Durangoko Udalarekin batera aurkeztu duten Bizkaiko Erromeria Egunaren lehenengo edizioa.

Durangon bertan izan da aurkezpen-prentsaurrekoa, Landako gunean, eta bertan Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol foru-diputatu Leixuri Arrizabalagak, Durangoko alkate Mireia Elkoroiribek eta Danok Pro taldeko Jon Gomez Garai bozeramaileak hartu dute parte. Prentsaurrekoan ere izan dira Begoña de Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusia eta Paule Sánchez Durangoko Kultura zinegotzia, Udaleko gainontzeko ordezkari politikoekin eta Bizkaiko Erromeria Eguneko lehenengo edizioan parte hartuko duten zenbait artistekin batera. 

Leixuri Arrizabalagak hasi du Bizkaiko Erromeria Egunaren aurkezpena, "erromeriak gure kultura eta nortasunaren parte» direla esanez, eta halaxe zehaztu du foru-diputatuak berak: "Urteak aurrera joan ahala, gure gizartea aldatu den bezala, erromeriak ere egokitu egin dira gaur egungo estiloetara eta, gaur aurkezten dugun ospakizun hau, horren adibide garbia da". Arrizabalagak esan du transmisioan jarri dutela fokua: "Belaunaldien arteko festa izatea nahi dugu, gure kulturan oinarritutako jaia eta gure sustraietaz ikasteko aukera emango digun ospakizuna". 

Mireia Elkoroiribek, bere aldetik, nabarmendu du "Durango euskal tradizioaren, musikaren eta kulturaren epizentro" bihurtuko dela, eta 30 taldetik gora arituko diren egunean "erromeria kutsua duten herriko eragile guztiek ere parte hartuko dutela». Durangoko alkateak azpimarratu du "sekulako aukera" eta "ohorea" dela lehenengo edizioan Durangon antolatzeko aukera eskaini izana, "erromeriaren bidez gure ondare immateriala biziberritu, belaunaldi berriei transmititu eta gurea egiten jarraitzeko". 

Bizkaiko Erromeria Egunak "herri osoa erromeria giroz bustiko badu ere, bereziki Landako gunea, honen alboko Ibaizabal parkea eta bertako auzunea, Musika Eskola eta bere ingurua, eta Plateruena antzokia izango dira eskaintzarik zabalenak hartuko duten guneak", azaldu du Jon Gomez Garaik, erromerietan urte luzez dabiltzan musikariz osatutako Danok Pro kooperatibaren ordezkari. 

Egitarauaren nondik norako gehienak ere azaldu dituzte gaurko prentsaurrean. Publiko guztiei zuzendutako ikuskizun eta ekintzak hartuko ditu urriaren 4an Durangok, eta hala nabarmendu du antolatzaileak: "Bizkaiko Erromeria Egunak ez du soilik dantzariak edo musikariak diren horientzako eguna izan gura, gure musika eta dantzarekin gozatu nahi duen orok izango du tokia hemen, modu aktiboan parte hartuz zein ikus-entzule soil izanez". 

Horretarako, erromeriaren hamaika aurpegi eta formatu izango dira gozagai jaialdi berri honetan, Garaik gainetik azaldu duenez: "Dantza-plaza izango dugu Aikorekin, gaztetxoentzako dantzaldia Esna Gazte taldearekin, Larrain Dantza herrikoia eskainiko dute Gaztedi Dantza Taldeko gaiteroek, herri bazkariaren ostean helduak Luhartz taldekoekin kantuan ari diren bitartean Goazeneko aktoreek ere gaztetxoentzako kantaldia izango dute…". 

Baina gainera, "erromerien sorburuetara" ere joango garela azaldu du musikariak: "Orain ehunka urte gure aurreko belaunaldiek erromeriez gozatzen zuten txistulari eta tanborreru bakarrarekin, beranduago alboka eta panderojole banarekin eta ostean etorri zen trikitixa gure plazetara, bikote formatu xumeetan… Gaur egun bizirik dauden formatuak dira, eta horretarako aipatutako instrumentu hauetan erreferenteak diren musikariak izango dira oholtzan: Ibon Koteron eta Julen Begoña albokariak, Iker Alvarez eta Aitor Urkiza txistulariak, Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña trikitilariak… eta aspaldiko partez berriz elkarrarazi dituzten Zabaleta eta Motriku trikitilari historikoak". 

Gazteentzako egungo erromeria formatu elektroniko eta handiagoekin amaituko da Bizkaiko Erromeria Egunaren lehenengo edizioa. Iluntzeko 20:00etatik hasita, gaur egun Euskal Herri osotik plazarik plaza dabiltzan lau erromeria talde bizkaitar igoko dira Plateruena antzokiaren oholtzara: Gautegun, Zazpizar, Altxa Porru eta Zutik. 

Gainera, egun osoz, erromerien inguruko hitzaldi, tailer, puzgarri eta kale animazioek osatuko dute Bizkaiko Erromeria Egunaren programa. Horien artean azpimarratu dituzte, esaterako, Mairuek eta Barakaldoko erraldoi eta buruhandiak, Etxebarria aita-seme trikitilarien poteoa, Durangoko Sugarri txarangaren kalez kalekoa, Gari Otamendik eta Oier Araolaza dantza-adituek eskainiko duten hitzaldi-dantzatua (‘Korrotik pikutara’ izenekoa) edota euskal jantzietan aditua den Ane Albisuk eskainiko duen ikastaroa, buruko-zapia nola jantzi ikasteko. 

Amaitzeko, jaialdi berri honi buruzko informazio guztia Bizkaiko Erromeria Egunaren Instagram eta Facebook kontuetan argitaratzen joango direla azaldu dute. 

Une inprobisatu eta polita ikusi da prentsaurrekoaren amaieran, aurkezpenera gerturatu diren musikari parte-hartzaile batzuek doinu batzuk jo eta bertaratutako gainontzeko lagunak dantzan ere hasi direnean.