Tokiko turismoa sustatzea da Sopelako Udalaren erronka nagusienetariko bat. Hori dela eta, sektorean hobekuntzak egiteko hainbat ekimen ditu martxan Udalak. 2024. urtean, Turismo Iraunkorreko Plan berri bat lantzeari ekin zion Sopelako Udaleko Toki Garapen sailak. Horretarako, sektore publikoaren, sektore pribatuaren eta herritarren parte-hartzea izan du oinarri prozesuak. Parte hartzaile guztien beharrak eta nahiak jaso direla bermatzeko, 24 elkarrizketa presentzial eta online bidezko 105 inkesta egin dizkiete turismo-sektoreko eragileei zein herritarrei. Udalaren gardentasun atarian eskuratu daiteke.
Prozesu parte-hartzaile hau funtsezkoa izan da gaur egungo joera nagusiekin eta turismoaren joera berriekin bat datorren plan bat eraikitzeko, eta, aldi berean, turismo jasangarriaren alde ere egin nahi izan da.
Sopelako herritarrak jartzen ditu erdigunean Planak, eta hiri eta natura eremuak, ondare historikoa eta tokiko nortasuna eta kultura hobetzeko ekintzak sustatzen ditu. Gainera, turismo erregeneratiboa bultzatzeko oinarriak ezartzen ditu; hau da, turismo jasangarria ez ezik, ingurunea berreskuratzen eta aktiboki hobetzen ere lagunduko du.
Diagnostikoaren barruan, egungo egoeraren azterketa sakona egin da, Sopelaren eta inguruaren erronkei eta aukerei egokitutako estrategiak diseinatzeko asmoz.
Eder Garcia Toki Garapeneko zinegotziaren hitzetan: “Turismo Iraunkorreko Plan honek turismo-eredu orekatua eta errespetuzkoa sendotzea du helburu, pertsona guztiei, herritarrei zein bisitariei, mesede egingo diena, eta ongizate soziala, ekonomikoa eta ingurumenekoa sustatuko dituena”.