Dena prest dago Abadiñoko Gaztelua auzoan arratsalde honetan bertan, uztailaren 3an, iluntzeko 20:00etatik aurrera, auzoko jaiei hasiera emateko. Beti bezala txopoa altxatuta emango zaie hasiera igandera arte luzatuko diren jaiei. Datorren asteazkenean, uztailaren 9an, Mendiolako auzoaren txanda izango da.

Urtero legez, adin eta gustu guztietarako egitarau zabala prestatu dute. Umeentzako jarduerak, artisau eta sortzaile azoka, herri kirolen erakustaldia, auzo bazkaria, partxis txapelketa, tortilla txapelketa eta erromeria egongo dira, besteak beste.

Mendiolan, datorren eguaztenean

Gazteluako jaiak amaitu, eta Mendiolako San Kristobal jaiak hasiko dira segidan: uztailaren 9tik 13ra egingo dituzte aurten. Hemen ere, jarduera eta ekitaldi ugari egongo dira: bertsolariak, dantzariak, parrillada eta tortilla txapelketa egingo dituzte, beste kontu askoren artean.

Kontzertuei dagokienez, Indabe, Rebel Noise eta Nevadah taldeak izango dira uztailaren 11n. Egun horretan, gainera, doako autobus zerbitzua eskainiko du Abadiñoko Udalak, 21:30etik 3:30era. Traña-Matienatik (eskola ondotik) eta Zelaietako eta Andra Mariko autobus geltokitik irtengo dira autobusak, eta, bueltan, leku berean utziko ditu autobusak. Uztailaren 12an, berriz, Luhartz erromeria egongo da.

Monika Iglesias Kultura zinegotzia eskertuta agertu da: “Jaiek auzoei bizitasuna emateaz gainera, herri osoari egiten dio ekarpena: auzoen aktibazioa, belaunaldien arteko lotura eta herritarren arteko kohesion indartzen ditu. Animatu eta etorri!”.