Getxoko Udalak Fadurako kiroldegiaren kanpoaldea eraldatu berri du, eta prozesu hori ezagutzera emateko bi bisita gidatu antolatu zituen, ekainaren 4an lehenengoa eta 11n bigarrena. Bada, bisita horiek harrera bikaina izan dute herritarren aldetik, 100 pertsona inguruk parte hartu baitute ekimenean.

Bisitetan, Getxo Kirolakeko abonatuek TikiToki Zentroa gizarte-zentro berria, padel eta teniseko estalitako pabilioiaren proiektua, atletismo- eta errugbi-guneko harmailen eraikin berriaren proiektua (udaren ostean hasiko da eraikitzen) eta, azkenik, frontoien eraikinaren egitura egonkortzeko eta indartzeko obraren aurrerapenak ezagutu ahal izan zituzten; horri esker, eraikinaren barrualdea osorik eraberritu ahal izango da.

Lehenengo bisitan, Getxoko alkate Amaia Aguirrek abonatuen erantzun ona nabarmendu zuen, eskaera kopurua zela eta bigarren topaketa bat antolatu behar izan baitzen. "Erantzun handi hori da, dakizuenez, Thinking Fadura izeneko prozesuak pizten duen interes handiaren erakusgarri. Getxo Kirolak 2017tik ari da prozesu horretan lanean". Ildo horretan, Aguirrek gogorarazi zuen, hasieratik, "prozesu honek apustu garbia egin zuen herritarren parte-hartzearen alde eta ezagutzatik eta esperientzia kolektibotik abiatuta eraikitzen duen egiteko modu baten alde. Lan honen lehen emaitzak, TikiToki Zentroa besteak beste, adibide gisa erabiltzen ditugu guztion artean gauzak hobeto egiten ditugula azpimarratzeko. Instalazioak erabiltzen dituztenen konpromiso eta lankidetzarekin, ziur nago urte gutxi barru gozatu ahal izango dugun Fadurak 25.000 abonatu baino gehiagoren itxaropenei eta beharrei erantzungo diela".

Fadura berritzeko eta kirol-parke publiko bihurtzeko prozesuan 2.000 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte, bai Getxo Kirolak-eko abonatuek, bai kluben eta kirol-elkarteei lotutakoek.

Udaren ostean, Getxo Kirolak-ek beste bisita bat antolatuko du abian dauden proiektuak bertatik bertara ezagutu nahi dituzten getxotar guztientzat.